Nafarroako gizarte eta kultur arloko 47 kolektibok hiru eskaera egin dituzte. Lehenik, ferietako liskarreko auziari terrorismo-delitu kalifikazioa kentzea. Bigarrenik, prebentziozko espetxeratze-neurriak kentzea eta preso dauden hiru gazteak askatzea. Eta, azkenik, auzia Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiaren esku uztea. Eskaera horiek Iruñean egindako agerraldian jakinarazi zituzten Iruñean atzo. “Elkarbizitza, askatasuna, justizia eta giza-eskubideen errespetuarekiko konpromisotik eta Zuzenbide Estatua osatu behar duten printzipioengatik, gure kezka azaldu nahi dugu”.
47 erakundeetako ordezkariek “nahitaezkotzat jotzen” dute “jendarteak, instituzioetako ordezkariek, hedabideek eta justizia-sistemak zuhurtasun, inpartzialtasun eta proportzionaltasuna bete ditzaten, errugabetasun-presuntzioa gordetzen dutelarik”. Azaldu dutenez, “gertaeren zigor-kalifikazioak eta neurriz gaineko zigor-eskaerak gizarte-alarma sortzen dute delitu gaitzesgarriei dagokiena baino handiagoak baitira eta ez datozelako bat mediku-txostenetan adierazitako lesioen larritasunarekin”.
Gaineratu zutenez, “auzipetu eta familiartekoei suposatzen ari zaien konponezinezko kalteaz aparte, azpimarratu behar dugu oker jokatzen duen justizia-sistema batek jendarte osoarengan babesgabetasuna eta ziurtasun-gabezia sortzen duela, askatasunen murrizketa dakarrela eta aurrekari arriskutsua dela jendarte osoarendako eta beraren eskubide zibilei dagokienez”.
Epaiketari begira
Jokin eta Adur aske uzteko azken eskaerari ezezkoa eman zion epaitegiak joan den asteko ostegunean. “Epaiketarako gutxi falta dela” argudiatu du epaileak. Hura noiz izanen den ez dago zehazturik, baina defentsek dagoeneko bere probak aurkeztu dituzte. Atzo despeditu zen epea. Tramite hori bete da, baina altsasuarrak epaitu behar dituen salako kide bat hil egin da eta ez dakite horrek auziaren data ezartzean eragina izanen duen. Bitartean plataformak jakinarazi du festetako astean Altsasukoak aske leloa zuten pankartak jartzeagatik Guardia Civilak hiru gazteri isunak jarri zizkietela.