Ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen gurasoek ate asko jo dituzte. Batzuk ez dira zabaldu, beste batzuk bai. Horietako azkena joan den ostiralean zabaldu zen. Europako Batzordeko lehen lehendakariorde Frans Timmermansena. Hark azaldu duenez, Altsasuko auzia gertutik segituko du. Holandarrak esan duenez, epai-prozedurak “Europako tratatuak eta legedia urratuz gero, neurri egokiak hartzeko eskubidea gordeko” du.
Timmermansenek gogorarazi du Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Kartak “zigorrak ezin direla zigortutako delitu penalarekiko neurrigabeak izan”. Azaldu duenez, “Karta betetzen dela bermatzeko Europako Batzordeak beharrezkoa denean eskura dituen tresna guztiak erabiltzen ditu, zigorrak barne”. Zigor auziak estatu kideen eskumena direla ohartarazi badu ere, haiek Karta errespetatu beharra dutela gaineratu du. Eta ohartarazi du “pertsonei jarritako zigorrak zigortuak izan behar duten akzioekiko proportzionalak izan behar” dutela. Timmermansenena Marina Albiol (IU), Xabier Benito (Ahal Dugu), Izaskun Bilbao (EAJ) eta Josu Juaristi (EH Bildu) eurodiputatuei emandako erantzuna da.