Zer moduz dituzue semeak?
Bel. Adur, Jokin eta Oihan, printzipioz, lasai daude, epaiketaren zain. Haiendako epaiketak esperantza edo suposatzen du. Zeren beraiek pentsatzen dute momentu horretan gauzak argituko direla. Eta egiarekin, gauzak proportzionaltasunez hartzen badira eta justiziaren printzipioak benetan betetzen badira, tsunami eta egoera latz honekin bukatuko dugula pentsatzen dugu.
Gotzon. Kartzelatuen eta aske daudenen arteko egoera ez dago konparatzerik. Baina aske dauden neska-mutilen baldintzak, bai ikasketetan bai lanean, gogorrak izan dira. Atzeratu egin dira. Kartzelan daudenak bezala. Esan dezakegu ondo daudela. Askotan batzen dira eta hitz egiten dute. Hori oso ona da. Baina euren buruan dute hiru lagun oraindik kartzelaturik daudela eta, Belek esaten duen moduan, zer nolako harri kozkorra daukaten gainean. Ea argitzen den. Orain arte bertsio bakarra entzun da, haiena. Gazteek euren burua deklaratzera aurkeztu zuten, borondatez, nahi zutelako. Eta ez zitzaien utzi. Esperoan gaude, ea zer gertatzen den.
Kasik urte bat justizia eskatzen.
B. Bai. Gezurra dirudi. Alde batetik esaten dugu: hau konturatu gabe pasa zaigu. Benetan, sartu garen dinamika oso gogorra da. Ia-ia egunero zer edo zer egiten. Baina, bestalde, esaten dugu: urte bat gure semeak han, kartzelan, daudela. Urte bat semerik gabe eta jakinda kartzelan daudela, oso gogorra da. Justizia eskatzen dugu. Eta pentsatzen dugu horrekin jarraitu behar dugula. Zabaldu behar dugula eta, benetan, jendeak demokrazian eta zuzenbide estatu batean gaudela pentsatzen badu justiziaren printzipioa minimo bat da. Horrekin jarraitu behar dugu, argi. Eskatzen duguna justizia da.
Aurreko ostiral bateko kontzentrazio batean esan zenuten justizia eskaera horrekin iristea pentsatzen ez zenuten tokietaraino iritsi zaretela.
G. Bai. Proportzionaltasuna, argitzea, justizia bilatze horretan ate asko jo ditugu. Lehen bultzada hainbat herri izan dira, mundu guztiko puntuetakoak. Gu ere instituzioetara jo dugu, bai Madrilen, bai Nafarroan, bai Euskal Herrian, bai Europan. Saiatu gara bide desberdinak egiten. Eta irekitzen. Zeren justizia behar eta nahi horretan begiraleak behar ditugu, esan dezaten: “eh! Zer gertatzen ari da hemen? Hau ez da terrorismoa. Proportzionaltasuna nahi dugu”. Ea zer gertatzen den. Justizia horren beharragatik bideak irekitzen segituko dugu, herriarekin, Altsasurekin batera.
B. Batzuetan iruditzen zaigu bukatu direla jo beharreko ateak. “Eta orain zer egiten dugu?” Oraindik bide asko eta ate asko jotzeko daude. Batzuk lantzen ari gara. Ezin dugu orain esan, baina emaitzak ikusiko dira. Europa eta mundua zabala da. Justizia eskaerarekin jo dezakegun erakunde asko daude oraindik. Zuzenbide estatu batean baldin bagaude, agian, handik norbaitek esan dezake: ea non dagoen justizia eta proportzionaltasun puntu hori betetzen den.
Epaiketaren atean, hartarako prestatzen hasiak egonen zarete, ezta?
G. Uda aurretik eta ondoren, agorrila kenduta, epe guztiak bukatu dira: bai fiskalak, bai akusazio partikularrak bai defentsek ere euren eskaerak egin dituzte. Tamalez fiskalarenak eta akusazio partikularrarenak begira zer-nolako eskaerak diren, zentzu gabekoak. Pentsatzen dugu lastailean edo azaroan epaiketa data ezagutuko dugula. Nahi dugu, ez dugu nahi… Esperantzarekin, baina beldurrez gaude. Datorren urte hasieran, edo lehenago… ez dakigu noiz izanen den. Baina prestatzen ari gara bai bihotza, bai burua. Gazteek ere, kanpoan eta kartzelan daudenak. Lehen esan bezala, argituko denaren esperantza dugu. Gauza guztiak bere senera etorriko direla.
B. Beldurrak batzuetan blokeatu egiten ditu pertsonak. Guk hartzen dugu beldurra gauzak zuhurtasunez ikusteko eta hartzeko. Baina guri beldurrak indarra ematen digu. Beldurrak esanarazten digu: “hemendik atera behar gara. Gu zoriontsu bizi nahi dugu. Hau jasanezina da”. Beraz, beldurra onartzen dugu, badakigulako parean nor dugun. Baina, indarrarekin segitu behar dugu.
Bukatzeko?
G. Beti, mundu guztiari eskerrak ematen dizkiogu. Beldur baina, badugu zulotxo bat argia ikusi nahi duguna. Eta, ziur aski, ikusiko dugu denon laguntzarekin. Eta gure indarrarekin.
B. Eta abestiak esaten duen moduan: aurrera Altsasu!
G. Eta desmuntatuko dugu beste abesti batekin, Los del Rayoren, La gran mentira.
Makina bat gutun idatzi dizkiete Adurri, Jokini eta Oihani.