Hizketan

Plataformakoak: "hau pizturik mantentzeko, kontzientzia sortzeko, ez bakarrik Altsasun, pairatu dugun muntaia iraultzeko ari gara lanean"

Guaixe 2017ko urr. 13a, 20:51

Aritz eta Oier, Altsasukoak Aske plataformako kideak. Urte bat muntaiak salatzen, urte bat elkartasuna hedatzen. Lelo hori zuen ferietako astebururako auzipetuen aldeko plataformak antolatutako egitaraua. Herritar talde horren jardunaren berri izateko bi kiderekin izan gara.

Egoera zailean antolatzea tokatu zitzaizuen.
A. Egia da liskarra gertatu bezain laster herrian mina sortu zen. Izan zen hedabideen jazarpenagatik eta esan ziren gezur guztiengatik. Hortik abiatuta, batzuk asanblada txiki batean elkartzen hasi ginen. Atxiloketekin gauza handitu egin zen. Orduan asanbldan adin, klase eta ideologia guztietako jendea biltzea lortu genuen. Eta hortik aurrera gauzak antolatzen eta, pixkanaka, egiten ditugun ekintzak hedatzen segitzen dugu, lanean.

Zer dinamika izan du plataformak?
Oier. Hasieratik ikusi genuen zegoen egoeraren inguruan hilabetero kontzientzia sortu nahi genuela. Ekimenak hilabetero egin nahi genituen. Metodologia izan da astero biltzea eta pentsatzea zer egin dezakegun hilabetero hau pizturik mantentzeko, kontzientzia sortzeko. Ez bakarrik Altsasun, mundu guztian barna. Gure esparrutik iritsi gaitezken leku guztietara, irauli ahal izateko pairatu dugun muntaia hau.

Adin askotako jendea dago, ezta?
A. Bai, argi eta garbi. Jendea, altsasuar bezala, minduta sentitzen da. Bereak sentitzen ditu barruan dauden gazteak. Horrek hona ekartzen ditu. Elkarretaratze guztietan parte hartzera. Lehen esan bezala, adin, klase eta ideologia guztietako jendea bilduz. Horrek, benetan dimentsioa ematen dio plataformari, eta herrian duen gaur egungo garrantzia.

Nolabait herriaren sentipenak bideratzea lortu duzue.
O. Hori da. Hasiera batean denok geneukan gaizki-egon handia. Baina ez genekien nola bideratu. Denok gaizki sentitzen ginen. Denok amorru handia genuen. Baina guztiok batzearekin eta gure artean hitz egitearekin lortu genuen salatu nahi genituen ildo batzuen bitartez dena bideratzea, gu indartzea eta aktibatzea.

Lan guztia gurasoekin koordinatuta.
A. Plataformak bere dinamika propio dauka. Guk gure batzarrak ditugu, gure dinamika jarraitzen dugu. Baina, egia da, gurasoekin komunikazio eta harremana fintzen dugu. Horretan ari gara elkarretaratze eta ekimen gehienetan. Azken batean, guztiok gara honen parte. Horrela izanda, gurasoekin elkarlanean ari gara.

Plataforman zaudetenetik zer jaso duzue?
O. Urte bat pasata egia da gauzak aldatzen direla, baina argi dago, atzera begira, bageundela kristoren amorruarekin. Orain jaso duguna da aktibo egoteko eta honen alde lan egiteko motibazioa. Zeren ikusten dituzu gauza beraren alde beste batzuk lanean. Ikusten duzu arrazoia dugula. Zentzua dutela eskatzen ditugun gauza guztiak. Aktibazio aukera hori jaso dut.
A. Pertsonalki ere, herria atzean modu bateratu batean ikustea, benetan, aberasten zaitu. Sentimendu horrek, nolabait, egoera zail honetan laguntzen zaitu. Eta egia da, lagun izanda, barruan daudenak eta oraintxe bertan kalean baina inputatuta daudenak, benetan, bihotzez eskertzen dut herri guztia eta ekimenetan parte hartzen duen jende guztiaren elkartasuna.