guaixe.eus

Guardia Civileko elkarte batek Altsasuko kideak omendu ditu

  Gizartea  Altsasu

Kuarteleko atean kontzentrazioa egin du eta Union de Guardia Civiles con nuestros heroes leloa zuen pankarta zabaldu du.

Guardia Civileko elkarte batek Altsasuko kideak omendu ditu
Elkarteko kideak kontzentrazioan eta idazkari nagusia, Ramon Rodriguez Prendes, hedabideei adierazpenak egiten. | Ikusi handiago | Argazki originala

Domeka goizaldean urtea bete zen bi Guardia Civilek eta haien bikoteak gazte talde batekin liskarra izan zutela. Horregatik, Union de Guardia Civiles elkarteko hamar kidek kontzentrazioa egin dute Altsasuko Guardia Civilaren kuartelaren atean gaur. “Justifika ezina den paliza baten biktimak izan ziren. Halakorik ezin da berriro gertatu” esan du elkarteko idazkari nagusi Ramon Rodriguez Prendesek. Gaurko bilkurarekin “Altsasun destinatuta dauden kideei omenaldia egin nahi diegu, Baita Guardia Civil izatea zaila den beste herrietako batzuetan daudenei” gaineratu du.

Rodriguezek auzipetuei egin zaien zigor eskaeraz ez du ezer adierazi nahi izan; “justiziaren inguruko ez balorazio, ez kritika, ez goraipamenik ez dugu egiten. Espainiaren moduko zuzenbidezko estatu batean Justizia botere independentea da, bere funtzioen jardunean hura ezin da ez presionatu, ez hertsatu. Legeak daude, justiziak aplikatzen ditu. Nik uste denok akatatu behar ditugula. Nahikoa mekanismo daude, helegiteak eta beste, epaileen erabakiekin ados ez gaudenean erabili daitezkeenak”.

Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, Altsasuko guardia civilen artean “isolamendu, gettho sentipena dago. Agian, kuartelaren beraren kokapen geografikoak ez du lagunduko integrazioan. Uste dugu hori ez dela eguneroko elkarbizitzarako batere ona. Denbora pasatzearekin integrazioa benetakoa izatea espero dugu”.

Gutuna
Elkarretaratzearen aurretik Union de Guardias Civilesk elkarteko ordezkariak Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezekin elkartu direla jakinarazi dute. Bileraren inpresio “pozgarria” jaso dute, “jarrera positiboa ikusi dugulako”. Alkateari emandako gutunean jasotzen denez, “gure kideek herritarren alde bategatik pairatzen duten isolamendua, etsaitasuna, mesprezua eta gorrotoa benetan lotsagarria da”. Elkartetik normaltasuna lortzeko lan egin dezala eskatu diote alkateari. “Guardia Civilak herriko beste herritar batzuk gehiago izatea nahi dugu. Gaur egun ez dira”. Horretarako, Rodriguezek alkateari borondateaz aparte “keinuak” eskatu dizkio. Liskarra izan eta gero “gure kideen kontrako erasoa” salatu izana eskertu diote, “baina biktimekiko sentiberatasun falta pixka bat sumatu dugu. Edo behintzat egileen familiekin izan zenuenaren pixka bat gure kideen eta haien familiekin izatea”.

Altsasun gertatu daitezkeen delituak argitzeko udalaren erabateko elkarlana espero dutela diote elkartetik. Eskaera bat luzatu diote alkateari: “gure kideen erasotzaileen familiak laguntzera bideratzea pentsatua zenuen aurrekontua, gure kideenganako fobia eta biolentzia gertaerak bukatzera bideratutako herritarrendako terapia eta prestakuntza eta informazio tailerretara bideratzea gustatuko litzaiguke. Zure herritarrendako pedagogia ekimenak agian ETAren argitu gabeko 300 hilketak argitzen laguntzeko balio dezake”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak