Altsasuko ferietako liskarragatik euren kideei elkartasuna adieraztera etorri zirela argi eta garbi esan zuten Union de Guardia Civiles (UGC)elkarteko kideek astelehenean. Kuartelaren atean kontzentrazioa eta hedabideen aurrean adierazpenak egin zituzten. Han jakinarazi zuten Javier Ollo Martinez alkatearekin elkarrizketatu zirela. Baina ez zuten esan Madrilgo web hedabide batendako alkatearekin izandako elkarrizketa grabatu zutela.
Geroa Baik jakinarazi duenez, UGCko kideak astelehenean udaletxean alkatearekin biltzeko eskaera egin zuten. Haiekin batera aipatu hedabide “partzialeko” kamara eta kazetaria zeuden. Ollok bere egitekoak utzi eta elkarteko bost kide bere bulegoan hartu zituen. Kazetariak ez ziren sartu. Elkartekoek argazkiak egitea eskatu bazioten ere, alkateak horri eta grabazioei uko egin zien. Hala ere, alkatearen bulegoan sartu zirenetako batek elkarrizketa grabatu eta hedabideari pasa zion.
Koalizioarendako gertaerak “etikaren eta moralaren ikuspegitik gaitzesgarriak dira. Geroa Bairen iritziz, halakoek “bakean eta duintasunez elkarbizitzen aurrera egin nahi duen herri bateko giroa gehiago hondatzeko besterik ez dute balio”. Koalizioarendako “harrigarria da Altsasura elkarbizitzaren alde egitera etorri zen erakunde batek baimenik gabeko grabazioa erabiltzea”. Geroa Bairendako “ez da onargarria Altsasuko alkatea hark baimendu gabe grabatzea eta gero grabazioa herrian bizi denaren ikuspegi okerra duen Madrilgo hedabide bati ematea”.