Ferietako liskarra izan zela urtea bete zen igande goizaldean. Taberna barruan hasi eta kalean bukatu zen liskarra terrorismotzat jo du Espainiako Auzitegi Nazionalak eta ordutik 10 gazte altsasuarren etorkizuna kolokan dago, haietako bi adin txikikoak. Horregatik, ostiralero makina bat altsasuarrek kontzentrazioa egiten dute. Gazteen askatasuna eta proportzionaltasuna eskatzeko, besteak beste.
Ostiraleko kontzentrazioa ohikoak baino jendetsuagoa izan zen. Eta desberdina. Lehenik, bildutakoen artean presoei gutunak idazteko orriak banatu zituztelako. Gainera, mikrofonoa irekia utzi zuten jendeak nahi zuena adieraz zezan. Hainbat izan ziren aukera baliatu zutenak. Sentipen mingotsak, bidegabekeria sentsazioa, baina baita elkartasuna, duintasuna eta maitasuna azaldu zituzten hitza hartu zutenek. Irrintzi hunkitu bat ere izan zen.
Auzipetutakoak
Gazteek ere mikrofono irekia erabili zuten honako mezua zabaltzeko: “epaiketa gero eta gertuago dugu, eta horrek beldurtzen gaitu, baina zuei esker ez gara bakarrik sentitzen. Zuen eta gure indarrak batuz, aurre eginen diogu egoerari. Ezin gara gure herriaz harroago sentitu. Eta ziur gaude Adurrek, Jokinek eta Oihanek berdina pentsatuko dutela, erakusten ari diguzuen elkartasuna benetan ikaragarria baita. Besterik gabe, eskerrik asko, denei, bihotzez. Segi orain arte bezala. Guztion artean lortuko dugu”. Eta hiru presoen etxeratzea eskatuz despeditu zuten euren jarduna.
Asteburu guztia
Ostiralean hasi eta igandera arte auzipetuen gurasoek eta plataformako kideek hiru presoendako gutunak jasotzeko postuan izan ziren. Han ere urteko jardunaren laburpena erakusten zuen bideoa ikusgai zegoen. Eta auziak sortutako gastuei aurre egiteko materiala (kamixetak eta txamarrak) saldu zituzten.
Urte honetako hainbat datu
4
Liskarraren ondorioz ospitaletik pasa zirenak, bi guardia civil eta haien bikoteak.
2
Liskarraren ondorioz atxilotutakoak egunean bertan.
4
Coviteko kideak polizia-muntaia salatzeko manifestazioa baino lehen agertu zirenak.
2
Txosten, Foruzaingoarena eta Guardia Civilarenak, ez zuten ez lintxamendurik ez jipoi antolaturik ikusi.
2
Auzipetuak Iruñeko epailearen aurrean borondatez aurkezten saiatu ziren aldiak. Bat, hirutan.
3
Epaitegitan izan da auzia: Iruñeko instrukziokoa, Auzitegi Nazionala eta Lurralde Auzitegia
1
Jasotako heriotza-mehatxuak, alkateari egina.
1
Liskarra hasi zen tabernan egindako pintaketak.
8
Ausiki operazioan azaroaren 14ean egindako atxiloketak. Beste bi hurrengo egunean aurkeztuko ziren auzitegian.
7
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaitegiak agindutako espetxeratzeak. Hiruk preso segitzen dute.
10
Auzipetu daude, bi adin txikiko.
1.500
Pertsona prentsa aurrea agertu ziren #Altsasu leloa zuen manifestazioa deitzera.
20.000
#Altsasu manifestazioak bildu zituen pertsonak.
11
Hilabetero 14. egunean egindako mobilizazio bereziak.
4
Hego Euskal Herriko hiriburuetan festetan egindako kontzentrazioak.
3
Gurasoen ordezkaritza izan diren parlamentuak: Nafarroakoa, Espainiakoa eta Europakoa.
7
Gastronomia elkarte elkartasun bazkaritan bete zirenak.
30
Eskualdeetan plataformak udaberrian eman zituen hitzaldiak.
3
Espetxera egindako martxak.
1
Espetxera joan-etorrietan senideek izandako istripu kopurua.
375
Zortzi auzipetuendako fiskaltzak egindako zigor eskaerak.
4
Udalak onartutako adierazpenak.
83
Kontzentrazio egin dira Altsasun gutxienez.
6
Altsasun egindako manifestazioak.
3
Ideiak biltzeko egin diren asanbladak.
80.000
Sinadura baino gehiago jaso ditu auzipetuen gurasoek plazaratutako manifestua.