Fernando Sayasi esker jakin zuten altsasuar askok, baita Iruñeko Ganbera Abesbatzak berak, Gonzalez Aziluren Arrano beltza obra haren sorterrian kantatzen zen bigarren aldia zela. Aurrenekoa Bengoetxea zineman izan zen, 1977ko irailaren 11n, 12:00etan eta sarrerak orduko ehun pezeta balio izan zituen. Sayasek orduko sarrera eta esku programekin kartela egin eta ezkaratzean, txarteldegi ondoan jarri zuen.
Orduko egitarauan jasotzen denez, Iruñeko Ganbera Abesbatzak bere emanaldiaren lehen zatian Iberiar penintsulako herri kantuen bilduma bat kantatuz hasi zuen: Miniaturas tradicionales. Harri Gonzalez Aziluren Libro de los Proverbios (VIII. Kapitulua) segitu zion. Bigarren zatia Garestar Koldoren Gure herriko abestitxoak kantatu zuten, eta kontzertua ixteko Arrano beltza eskaini zuten. Luis Morondo izan zen zuzendaria.
Bigarrena
Ostiralean beste errepertorio batekin etorri zen abesbatza. Javier Galvez Pintado zuzendariak emanaldiaren aurretik obraren inguruko azalpenak eman zituen. “Joan den mendeko 70eko hamarkadako musika abangoardiako obra garrantzitsua da. Mustu zela 40 urte bete direnean obra berreskuratzea eta errepertorioan txertatzea erabaki dugu. Ezinbesteko obra dela uste dugulako”. Gonzalez Aziluk obra egiteko Joxean Artzeren, Hartzabalen, olerkian oinarritu zen eta Galvezek esan zuenez, “poema politikoa, gogorra, erasokorra. Garai asaldatu batean idatzia. Gauza askotaz hitz egiten du, batez ere, identitateaz. Zer den nafarra izatea, euskalduna izatea, nafar-euskalduna izatea. Irakurketa asko dituen eta galdera asko sortzen dituen poema da”.
Zuzendariak esan zuenez, “testu eder horri Gonzalezek gehitu egin zion. Berak dio obrarekin ez duela ezer bilatzen, soilik euskararen fonetikaren bidez soinuaren bilaketa”. Galvezendako altsasuarrak Artzeren testuei “adierazkortasun handiagoa” eman zien. “Beraz, Hartzabalen mezu politikoak musikak anplifikatu egin zuen”.
Galvezek Arrano beltza abesbatza obra ez dela “armonia eta melodia ederreko ohiko obra polita” argitu zuen hasieratik. “Entzunen duzuena esperientzia bat da. 60-70eko estetikaren barruan kokatzen da, arteak, berez ez zuen zergatik ederra izan behar. Artea zakarra izan zitekeen. Arteak kontzientziak eta espirituak mugitzen ditu. Barruak mugitu eta haserretu”.
Zuzendariaren iritziz, “sonoritateari dagokienez, Gonzalezek euskara hizkuntza handien aldarera igotzen du”. Azaldu zuenez, obra ez da musika altueran oinarritzen, baizik eta giza-soinu guztiaren altueran, hau da, zurrumurrutik hizketara, kantura eta oihura, guztien graduazioa eginez”. Hala, obrak batzuetan soinu handia du, besteetan delikatua. Abesbatza eta lau bakarlarirendako obra da altsasuarrarena, azken horiek “esanahiekin jolasten ari dira”.
Galvezek jakinarazi zuenez, Gonzalezek idatzitako partiturak erronka handiak dakartza. “Ez da musika grafia. Berak asmatutakoa da. Ingeniari edo arkitekto tekniko baten marrazkitik gertuago dago musikari batetik baino. Gutxitan dago musika pentagrama. Aurreneko erronka Gonzalez Aziluk egindakoa deskodetzea da. Hasieran instrukzio guztiak jarri ditu, edozein etxe-tresnatan bezala. Beste zeinu batzuk ez dute azalpenik. Deskodetze lan izugarria eskatzen du”. Gonzalezek Galvezi esan zion “musika egitura zurrunik ez egin, araurik ez du, ideial bat da. Beraz, guri irakurketa asko sortzen dizkigun obra bat da. Guretako ez da sekula berdina. Zati batzuk inprobisazioa, inspirazioa eta abesbatzaren batasuna eskatzen du, araurik gabe helburua lortzeko”.