Joan den urteko ferietan taberna batean bi guardia civilekin eta haien bikotekideekin liskarra izan zuten gazte batzuk. Liskarra izan eta hilabetera, azaroaren 14an, astelehenez, Guardia Civilak sarekada egin eta zortzi gazte altsasuar atxilotu zituen. Beste bat auzitegian aurkeztu zen. Haietatik zazpik espetxean bukatu zuten. Lau abenduaren 20an atera ziren, baina gaur urte bat eginen dute espetxean Adurrek, Jokinek eta Oihanek.
Altsasukoak Aske plataformako kideek auzia salatu eta presoen askatasuna aldarrikatzeko hileko 14. egunero bezala, etzi mobilizatzera deitu ditu altsasuarrak eta sakandarrak. Hitzordua etzi, asteartea, 20:00etan izanen da, Baratzekobide plazako arkupeen ondoan. Jendea elkartzen den bitartean orri txuriak banatuko dituzte.
Izan ere, protesta modura Altsasuko argiteria publikoa 20:15etik 20:30era itzaliko da. Ordu laurden horretan jende guztia egoki jarri eta orri txuria altxatzea eskatuko dute antolatzaileek. Denen artean urte bat, Altsasukoak aske! lelo erraldoia irudikatu nahi dute. Ilunpean orri txuriak ikusgarri izateko argi ultramorearekin argituko dute jendea eta eskutan dituzten orri txuriak, hau da, leloa nabarmenduko da horrela. Leloa behar bezala ikusteko jendea arropa ilunarekin joatea eskatu dute.
Zuhaitza
Itzalaldia bukatu eta gero auzipetutako gazteen gurasoen eta plataformako ordezkariek hitza hartuko dute. Urte beteko balorazioa egin ondoren gurasoek Baratzekobide plazako belardian zuhaitz bat landatuko dute. Plataformatik azaldu digutenez, “herrian auziaren inguruko mugimendu guztiak sortu duen sentimenduak irudikatu nahi ditu zuhaitzak. Herri guztiaren borrokaren sinboloa izanen da”. Eta gaineratu dute: “zuhaitzaren zainak lurrean bezala, aldarrikapena herrian errotuta dago; herrian sortzen diren elkartasun sustraiak dira. Zuhaitzak, bestalde, herri bizia eta haren elkartasuna islatu nahi ditu”.