Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko I. Sekzioak guztira 375 urteko zigor eskaerei aurre egiten dieten zortzi gazte altsasuar epaituko ditu. Haietako hiru behin-behineko espetxealdian daude. “Lesioak eta mehatxu terroristak” leporatzen zaizkie. Epaiketak ez du datarik, baina bere tramitazioa aurrera doa. Akusazioek eta defentsek euren frogak eta lekukoak aurkeztu zituzten. Defentsako abokatuen ia denak atzera bota ditu auzitegiak lastailaren 27an emandako auto baten bidez.
Abokatuek Madrilen gaur prentsaurrekoa eman dute eta bi gauza salatu dituzte. Lehenik, epaitegiaren jokabideak “urratzen duela benetako tutoretza juridikorako, garantia guztiak edukiko dituen prozesurako, defentsarako eta defentsaren alde frogabide egokiak erabiltzeko eskubidea, Konstituzioaren 24. artikuluak bermatzen duena, baita epaiketa zuzenerako eskubidea ere, Giza Eskubideen Europako Itunaren 6. artikuluak jasotzen duena”.
Eta, bestetik, “epaiketa egin behar duen epaitegiaren eginbideak gidatu behar dituen inpartzialtasunaren beharrezko itxura hausten duela, eta horrek eragina daukala Konstituzioaren 24.2 artikuluak eta Giza Eskubideen Europako Itunaren 6. artikuluak ezartzen duten garantia guztiak izango dituen prozesu baterako eskubiderako garantiaren gainean”. Lastailaren 27ko autoa ezin da errekurritu, eta defentsek prozesuaren une horretan egin dezaketen gauza bakarra egin dute: idatzizko protesta aurkeztea frogak ez onartzeko erabakiaren aurrean, bere garaian emanen den erabakiaren aurkako helegitea aurkezteari begira.
Fiskaltza eta akusazioei, bai
Altsasuarren abokatuek jakinarazi dutenez, “autoak Fiskaltzak eta pertsonatu diren gainerako akusazioek eskatutako froga ia guztiak onartu ditu, hala lekukoenak nola adituenak eta dokumentalak”. Kexu azaldu dira abokatuak “akusatutako gazteen defentsarako ezinbestekoak, egokiak eta beharrezkoak diren frogak” atzera bota dituelako eta, ondorioz, “gazteak erabateko defentsa-gabezian murgildu” dituelako.
Abokatuen esanetan, “gertakarien kalifikazio juridikoa (terrorismoa), nola akusazioek planteatutako askatasun-gabetzeko zigorren proportziorik eza edo Espainiako Auzitegi Nazionalaren 3. Instrukzio Auzitegi Zentralaren sumarioaren ixte azkarregiak, ukatu zituenean defentsek eskatutako ikerketarako diligentzia guztiak, horiek denak prozedura abiatu zenetik akusatuek izan duten defentsa-gabezia egoeraren adibideak dira, zeina ahozko epaiketan ere gertatuko den”.
Alde Hemendik
Izen hori duen mugimenduaren eta ETAren arteko balizko loturan oinarritu dira Fiskaltzaren eta akusazioen salaketak. Abokatuek nabarmendu dutenez, “mugimendu hori 1976an hasi zen, akusatutako inor oraindik jaio ez zenean”. Estatuko Segurtasun Indarren eta Armadaren presentziaren kontrako kanpaina horren eta joan den urteko ferietan gertatutakoaren arteko lotura egiteko akusazioek Guardia Civilaren beraren “inteligentzia txosten” izan dute oinarri.
Defentsako abokatuek hori gezurtatzeko Hego Euskal Herritik segurtasun indarren irteera eskatu duten mugimenduetako hainbat lekukoren deklarazioa eskatu zuten. “Antzeko aldarrikapenak egin dituzten edo Ospa Eguna bezalako ekitaldiak antolatu dituztenendako hainbat auzitegik emandako absoluzio-epaiak ez dira aintzat hartu. Epai horietan adierazpen askatasunaren legezko erabileraren barruan kokatu zituzten”. Defentsek gaineratu dutenez, “Alde Hemendik mugimenduaren benetako jatorria, bere jaiotza eta eboluzioa ETAtik aparte” azalduko lukeen aditu baten txosten historikoa ere ukatua izan da.
Atzera botatako gehiago
Abokatuei onartu ez zaizkienen artean daude ustezko gertakariak jazo ziren tabernan bertan eta bere inguruan grabatutako bideoak, lokalaren argazkiak eta planoak, Google Mapsetik ateratako Altsasuko mapak eta akusatuetako batek gertakarien gauean bertan grabatutako bideoak. “Aretoaren arabera, defentsarenak izanik, ez dutelako nahikoa bermerik”. Kexu dira abokatuak: “akusazioei Internetetik ateratako eta haiek hartutako argazkiak onartu zaizkie, horietako batzuk 2016ko lastailaren 15ekoak baino beranduagokoak izanik ere, “Aretoak haien bermea zalantzan jarri gabe. Ez dago zalantzarik defentsarako eta prozesu zuzenerako eskubidearen inguruan aldeen arteko berdintasun printzipioa urratu egin dela”.
Defentsek salatzaileen irratietako elkarrizketak entzuteko froga gisa aurkeztu zituzten, “haietan sumarioko deklarazioetan azaldutakoarekiko zehaztapen kontrajarriak ematen baitzituzten” Baina ez da onartua izan. Ezta izapidetze aldian identifikazio errondaren mekanika zalantzan jartzen duen adituen txostena ere. Identifikazio saioaz argibideak eman dituzte abokatuek: “ustezko biktimek espetxean zeuden Altsasuko gazteak identifikatu zituzten saioa Soto del Real eta Alcala-Mecoko espetxeetatik eramandako adin, nazionalitate eta etnia desberdineko pertsonekin egin ziren, eta haietako inor ez zen Altsasukoa”.
Ez onartutako defentsen proposamenen artean daude “lekuko askoren deklarazioa, horien artean daudelarik gertakariak izan ziren unean akusatutako gazteekin zeuden pertsonenak, tabernaren barrualdean eta kanpoaldean gertatutako guztia berretsi lezaketenak. Aldiz, akusazioen lekuko guztiak onartu dituzte”.