Hizketan

Plataformak “auziperatu guztiak libre izan arte lanean eta borrokan” segituko du

Guaixe 2017ko aza. 14a, 21:15

Altsasukoak Aske plataformatik hilaren 26an eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute. Iortiako zabalgunetik abiatuko da, 13:00etan.

Festa egun batean, goizaldeko bostetan gertatutakoari terrorismo akusazioa eta 375 urteko espetxe zigor eskaera. Altsasuko auziaren laburpen hori egin dute plataformatik. Laburpen hori egiteko “estatuko botere guztiak erabili” zituztela nabarmendu du gero. “Muntaia honen ondorio larriena, momentuz, Ohian, Jokin eta Adur urte bat espetxean pasa dutela, Altsasuko bizitza aldatuz”.

Kexu azaldu dira Altsasu: “herri zatitu, biolento, intrantsigente, elkarbizitzarako zaila eta abar esan zuten. Hainbat politikok eta hedabidek eta estatu aparatuak elikatu zuten mezu horiek”. Eta hala segitzen dutela nabarmendu dute plataformatik. “Guri, Altsasuari galdetu dezatela nork apurtu duen elkarbizitza!!! Esango diegu!!!”

Plataformatik nabarmendu dutenez, “ urte bat daramagu gezurrei herri bezala erantzuten, lan egiten eta herritarren parte hartzea ikusten, eta leku eta jende askorengandik elkartasuna jasotzen”. Behin eta berriro jasotzen ari diren isunetan, elkartasun hori eteteko errepresio ekonomikoa ikusi dute. “Lagunak gogoratzeagatik, etxean, Altsasun eta libre nahi” dituztela aldarrikatzen segituko dute plataformakoek.