Guardia Civilak sarekada egin eta ferietako liskarragatik zortzi gazte altsasuar atxilotu zituztela bete da gaur. Haietako hiru preso segitzen dute eta gurasoek beraien berehalako askatasuna aldarrikatu dute. “Gure gazteriarekin entsegu makabroak egiterik ez dugu nahi. Ezta pertsonak neurririk gabe zigortzea herri batekoa edo gizarte errealitate batekoa izateagatik”, salatu dute gurasoek. “Haienak kalkulu mespretxagarriak dira. Gure gazteek eta herri solidarioak tratamendu justua merezi dugu, baina horretarako ez daude prest”, gaineratu dute.
Gazteen gurasoek aitortu dute bi aldeen arteko “borroka” ez dela “orekatua. Haiek botere guztiak eta hedabideak dituzte”. Horren aurrean euren iritzia zabaltzen segitzeko asmoa irmoa dutela nabarmendu dute. “Gure seme-alabak hain demokrazia gutxietako atzaparretatik libratzen saiatzen jarraituko dugu”. Egiteko horretan herritarren beharra izanen dutela nabarmendu dute; “zuek guztiok gure ondoan zaudetela badakigu!”
Atzera eginez
Duela urte bateko sarekada “bizitza kentzen” ari zaigu; “urte batez urduritasuna, ziurgabetasuna, beldurra, Espainiako Auzitegi Nazionalerako bidaiak, mobilizazioak, beti zuen laguntza edukiz”. Azken urtean bizitako “albiste txarren segidak beldurrezko negarra eragin digu, amorruz eta ezintasunaren negarra. Beraien kalkulu politikoak direla eta, gure seme-alaben bizitza suntsituta geratzen dela ez dugu ikusi nahi”.
Abokatuek salatutako epaiketarako lekuko eta proben uko egiteak eta harrek dakarren “defentsa gabezia albiste izugarritzat” hartu dute gurasoek. Beste bat “albiste txarren” sokan. Hala ere, “borrokan” segituko dutela jakinarazi dute gurasoek eta bide horretan “zuek guztiok gurekin egotea espero dugu”.
Hainbat hedabidek eta Juan Ignacio Zoido ministroak joan den astean Senatuan esandakoaren kontra, gurasoek, atzera ere, auzipetu guztiendako errugabetasun-presuntzioa eskatu dute. Epaiketaren aurrean egon-eza azaldu dute gurasoek: “erantzuten ari diren moduan erantzunda, ez dakigu zer epaituko den, zer izango dugun aurrean. Zein gutxi inporta zaien errealitatea eta zein inpunitate erakusten digun beraien jokaerak, itxurak ere gorde gabe!”
Gazte auzipetuen gurasoek nabarmendu dutenez, “guk, orain arte, errespetuzko jokabidea izan dugu estamentu guztiekin, erantzun berdina jaso ez dugun arren”. Adur, Jokin eta Oihan kartzelan dauden bitartean “ kasuarekin zer ikusia duten pertsonak saritzen dituzte. Hau al da ekitatea?”