Gauzak ongi, heldu den urtetik aurrera fruituak ematen hasiko da Baratzekobide plazan atzo landatutako intxaurrondoa. Hark emandako intxaurrak jasoko dituztenek gogoratuko dute azaroko gau hotz batean landatu zutela “herri guztiaren borrokaren ikur” gisa, “herri bizia eta haren elkartasuna islatu nahi”. Altsasuko gurasoak eta auzipetuak, txandaka, izan ziren intxaurrondoa landatu zutenak, lur paladak edo eskukada botaz. Bitartean gurasoek eskerrik asko zioen pankartari eusten zioten. Eurendako amesgaiztoa izan den urte luze honetan babesa azaldu dietenei laguntza estimatuz.
Horrela bukatu zen hilabetero hilabetero 14. egunean Altsasun egiten den protestaldia. Guardia Civilek 2016ko azaroaren 14an herriko zortzi gazte atxilotu zituztela gogorarazi, muntaia salatu eta preso daudenen askatasuna aldarrikatzeko Altsasukoak Aske plataformak antolatzen ditu mobilizazio horiek. Atzo sarekadaren urteurrena zen eta jendea Baratzekobide plazako arkupe ondora deitu zuten. 20:15etik 20:30era herri guztiko argiteria publikoa itzali egin zen. Toki egokian jarritako jendeak paperak jaso zituen eta argi ultramorez argiztatuz urte bat, Altsasukoak aske leloa ilunpean ikusarazi zuten. Aldamenean, ehunka linternek ilunpean elkartasunaren argia eman nahi izan zuten.
Hori atzo izan zen. Hurrengo hitzordua azaroaren 26an izanen da, domekan, 13:00etan. Iortiako zabalgunetik abiatuko da manifestazioa.