Europako Batzordeko Frans Timmermansek EAJko, EH Bilduko, IUko eta Ahal Duguko eurodiputatuei emandako erantzunak eragin du Covitek gutuna idaztea. Altsasuko auzia gertutik segituko zutela esan zuen Timmermansek irailaren 29an. Elkarteak jakinarazi duenez, Europako agintariari bidalitako idatzian “Ospa mugimenduko erradikalek joan den urteko lastailean bi guardia civil eta bere bikotekideak eraso zituztenetik ezker abertzaleak esandako gezur guztiak, banan bana, desmuntatu ditugu”.
Coviteko presidente Consuelo Ordoñezek sinatutako gutunarekin, “biktimen bertsioa Europar Batasuneko goi agintariengana iristea nahi dugu, ezker abertzaleak, beste indar politiko batzuez lagunduta, egiten ari den manipulazioa gelditzeko”. Auzipetuendako eskatutako zigorren “neurrigabetasunaren” inguruan Covitetik esan dute “Espainiako Zigor Kodea Europan berme gehien duenetako bat” dela; “erasotzaileei terrorismoa leporatuko ez baliete, gorroto, agintearen kontrako atentatu, lesio eta mehatxu delituengatik eginiko eskaerak antzekoak lirateke”.
Covite izan zen Altsasuko auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuena, ferietako liskarrean “terrorismo eta gorroto delituak” ikusi zuelako. Biktimen elkartearen iritziz, Ospa mugimendua ETAren Alde Hemendik kanpainaren babesean sortu zen, Segurtasun Indarrak EAEtik eta Nafarroatik kanporatu nahi dituena”. Bruselara bidalitako gutunean Covitek Ospa mugimenduaren berri luze eta zabal ematen du.