Altsasuko auziak eragindakoak adierazteko bidea

Guaixe 2017ko aza. 20a, 15:19

Narrazio labur, poesia eta mikro-ipuin lehiaketa antolatu ditu plataformak. Lanak ilbeltzaren 4ra arte aurkeztu daitezke

Altsasukoak Aske literatura lehiaketa deitu du izen bereko plataformak. Joan den urteko feriez geroztik bizi izandako guztia modu sortzailean adierazteko aukera eskaintzen du plataformak. Bi maila izanen dira 14 eta 18 urte artekoak eta 18 urtetik gorakoak. Eta bietan sortze lanak narrazio labur, poesia edo mikroipuin moduan aurkezteko aukera izanen da, euskaraz edo gaztelaniaz idatziak.

Narrazio laburren kasuan, Altsasukoak aske lelopean idatzitakoak gehienez bi orrialde izan beharko dute. Poesiei dagokienez, 14 eta 30 lerro arteko poemak onartuko dira. Eta, azkenik, mikro-ipuinen kasuan gehienez 10 lerro izan beharko dituzte. Lanak ordenagailuz idatzirik aurkeztu beharko dira, Arial letra mota erabilita eta 12 puntuko hizki-tamaina erabilita.

Lanak ilbeltzaren 4ra arte aurkeztu ahalko dira plika sistema erabiliz. Lan guztiak Gurutze Saindua 36, 31.800, Altsasu, Nafarroa helbidera bidali behar dira, Altsasukoak aske lelopean. Literaturan adituak diren sakandarrek osatuko dute epaimahaiak maila bakoitzean bina sari emanen du: diploma eta Altsasukoak aske oparia. Sarituen berri ilbeltzaren 22an jakinaraziko da, hedabideen bidez. Sari banaketa, berriz, ilbeltzaren 26an izanen da, Gure Etxea eraikinean eginen den ekitaldi publikoan. Han lan sarituak irakurriko dira.