Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak “Altsasun eta Nafarroa guztian bakearekin eta elkarbizitzarekin konpromisoa” berresten duen erakunde adierazpena onartu du gaur. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute adierazpena eta aurreneko puntuaren alde talde guztiek bozkatu dute. Hurrengo bi puntuak Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeen aldeko botoarekin onartu dira.
Bigarren puntuan dio Nafarroako Parlamentuak “auzi horretan dagoen proportzionaltasun faltak” sortzen dion “kezka gorena” adierazi du. Gogoratuz 375 urteko espetxe zigor eskaerak Europako Batasuneko eskubide eta askatasunen arduradunaren adierazpena ekarri duela. Hiru auzipetu behin-behinean espetxean egotea eta defentsak aurkeztutako proba gehienak ukatzeak gazteen defentsa gabezia ekar dezakeelako kezka azaldu du.
Azkenik, Nafarroako Parlamentuak “beharrezkotzat jo” du Altsasuko auzian “eskumena duten epaitegi organoek proportzionaltasunez jokatzea, gazteek lege babes eraginkorra eta berme guztiak dituen prozesu izateko eskubidea erabat errespetatuz”.