Altsasuko auzia apirilean epaituko da

Guaixe 2017ko aza. 21a, 21:36

Zigor Kodeko terrorismo delituei buruzko 573 artikuluan oinarrituta auzipetu dituzte altsasuarrak. Haietako hiru espetxean daude eta epaiketa aurretik askatzen ez badituzte behin behineko 17 hilabeteko espetxealdia egina iritsiko dira

Ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen gurasoek jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionalean eginen den epaiketak badu data: apirilaren 16tik 27ra bitartean izanen da. Bi guardia civil eta haien bikotekideak erasotzea leporatuta 10 gazte altsasuar daude auzipetuta. Haietako bi adin txikikoak dira eta auziak beste bide bat du, baina gainontzeko zortziak izanen dira epaituak.

 Fiskaltzak haiendako, guztira 375 urteko espetxe zigorra eskatzen du. Gazte bakoitzari lau “terrorismo delitu” egozten die eta bakoitzagatik 12 urteko eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du. Hau da, 50 urte. Eskaera horri aurre eginen diote Jokinek, Jon Anderrek, Julenek, Adurrek, Aratzek eta Iñakik. Oihanen kasuan fiskalak “mehatxu terrorista” egin izana egozten dio eta 12 urte eta erdiko beste zigor bat eskatu du harendako, guztira, 62 urte eta erdiko espetxe zigorra eskaera. Azkenik, Ainarari delitu bakarra egotzi diote, “mehatxu terrorista” egitea eta 12 urte eta erdiko kartzela-zigorrari aurre egin beharko dio. Bestetik, fiskalak 20 urteko inhabilitazio osoa eta, zigorra bete ondoren, beste bost urtez zaintzapeko askatasunean egotea eskatu du. Baita 41.100 euroko isuna zauriak eragiteagatik akusatutako zazpiendako ere.



Zigor alternatiboak ere proposatu ditu fiskalak. Oihanendako 30 urteko espetxe-zigorra eskatu du desordena publiko terroristak (8 urte), autoritatearen kontrako atentatua (2 urte), lau lesio delitu (8 urte) eta mehatxu terroristak (12 urte eta sei hilabete) egotzita. Gainerako sei gizonezkoendako 18 urte eta sei hilabeteko kartzela aldia eskatu du. Pasa den astean gazteen abokatuek “berme guztiak” dituen epaiketarako aukera ez dutela ikusten salatu zuten, “defentsarako ia proba guztiak ukatuta, defentsarako eta prozesu zuzena izateko eskubidea urratu da”.

Manifestazioa
Urte bat espetxean Ohian, Jokin eta Adur askatu!! Altsasukoak aske!! lelopean manifestazioa eginen da igandean, 13:00etan, Iortiako zabalgunetik abiatuta.