Altsasuko auziaz Parlamentuak adierazitakoarekin bat egin du Nafarroako Gobernuak

Guaixe 2017ko aza. 28a, 13:08

Nafarroako jauregia.

Gertakarien terrorismo kalifikazio penala berraztertzeko eskatzen dio epaileei eta auzia Iruñeko epaitegietara bueltatzea eskatuko du. Foru administrazioak Europara joko du.

Nafarroako Gobernuak gaur egindako bilkuran erabaki du bat egitea Nafarroako Parlamentuak hilaren 20an onartutakoarekin. Orduko hartan Nafarroako Parlamentuak Altsasuko auziaren inguruko erakunde-adierazpena onartu zuen, berresten zuena “Altsasun eta Nafarroa guztian bakearekin eta elkarbizitzarekin konpromisoa”. Aldi berean, “auzi horretan dagoen proportzionaltasun faltak” sortzen dion “kezka gorena” adierazi zuen Parlamentuak.

Gogoratu zuen 375 urteko espetxe zigor eskaerak Europako Batasuneko eskubide eta askatasunen arduradunaren adierazpena ekarri duela. Hiru auzipetu behin-behinean espetxean egotea eta defentsak aurkeztutako proba gehienak ukatzeak gazteen defentsa gabezia ekar dezakeelako kezka azaldu du. Azkenik, Nafarroako Parlamentuak “beharrezkotzat jo” du Altsasuko auzian “eskumena duten epaitegi organoek proportzionaltasunez jokatzea, gazteek lege babes eraginkorra eta berme guztiak dituen prozesu izateko eskubidea erabat errespetatuz”.

Europara
Nafarroako Gobernuak bere egin du Parlamentuaren osoko bilkurak irailaren 14an onartutako ebazpena. Horregatik, Europako Batzordeari eskatu dio, dagokion organoaren bidez, zehaztu dezala “Espainiak behar bezala egin ote duen terrorismoaren zigor tratamenduari buruzko Europar Batasunaren aurreikuspenen transposizioa”. Horrekin batera, Altsasuko kasua dela-eta fiskalak egindako eskaria eta Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunaren 49.3 artikuluan aurreikusitakoa bat datozen zehaztu dezala.

Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren berri Europako Batzordearen lehendakariordeari eta Batasuneko Segurtasun eta Justizia eta Kontsumitzaile eta Genero Berdintasun zuzendaritza nagusiei emanen die. Europako Gutunak eta Eurojust-ek aurreikusitakoari jarraikiz, “hau bezalako egoera neurrigabeak ekiditeko irizpideak bateratzeko” elkarlan konpromisoa adierazi du Nafarroako Gobernuak. Erabakitakoa gauzatzeko ardura Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harretarako kontseilari Ana Ollo Uhalderen ardura izanen da.

PP kontra
Alderdi popularreko Nafarroako presidenta Ana Beltranek adierazi duenez, “bere helburuak lortzeko epaileak presionatzen dituen gobernua” duela Nafarroak. “epaileen erabakietan esku sartze berri horrek erakusten du Barkos ez dela presidente aulkia betetzeko duina”. Popularrarendako “estatu demokratiko batean guztiz onartezina da esku hartze berri hau. Nafarroako Gobernuak hobe luke isilik egotea, epaileen erabakiak kritikatzen ditu bere politika interesekin bat ez datozenean. Diktadoreen eta erregimen totalitarioen moduan epaileak presionatzen saiatzen da”.

Beltranen iritziz, Nafarroako Gobernuak “bere sokakoak diren erasotzaileak defendatzen ditu eta, beste behin, erasotuez ahazten da”. Haren ustez, “eraso basati batez politika-irabaziak lortzen saiatzen ari dira, guztiz sinestezina”. Popularrak ere gaztigatu du Nafarroako Parlamentuak botere banaketa dagoela ahaztu duela.