Irurtzunen, Uharte Arakilen, Arbizun eta Altsasun izan ziren ekitaldiak azaroaren 25ean, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean. Altsasuko mugimendu feministak kontzentrazioaren ondoren Sinesten dizut zioen manifestua irakurri zuten. Gogorazi zuten espainiar estatuan urtero milaka emakume bortxatzen dituztela. “Horregatik borrokatzen gara feministok, gaitz hori ezabatzeko. Egunero aldarrikatu behar dugu, eta arlo guztietan konpromisoak hartu. Erakundeen kasuan ez bezala, gure eskaerak ez dira festen aurreko kanpainetara eta egun jakinetara mugatzen”.
Eraso matxisten biktimei sinesten dietela berretsi zuten, “eta horregatik, ez dugu onartuko tratu iraingarririk, aurreiritzirik edota balio-iritzirik, edozein tokitatik datozela ere. Ez eta komunikabideetatik datozenak ere. Beharrezkoa ote da erasotzaileari aurre egitea eraso matxistak gertatzen direnean?” Salatzen duten emakumeek “ez isiltzeagatik eta eraso sexistak agerian uzten laguntzeagatik umiliazio bikoitza jasaten” dutela nabarmendu zuten; “isil-isilik nahi gaituzte, baina ez dute lortuko”.
Sinesten diete
Altsasuko mugimendu feministako kideek nabarmendu zutenez, “eraso matxistek eragina dute osasunean, lanean, gizarte-harremanetan eta emakumeon bizi-proiektu osoan. Ziur gaude erasotzaileak epaitu beharrean, emakumearen zintzotasuna epaitzen dutela beti”. Horrek, “amorrazioa eta ezintasuna" sentiarazten ziela azpimarratu zuten, “emakumea kritikatu eta erasotzailearen alde egiten delako beti. Eta, gainera, ez da prebentzio-neurririk hartzen eraso eta bortxaketa matxistarik berriro gerta ez dadin”.
Adierazi zutenez, “eraso matxista guztien oinarrian gizonezkoen nagusitasuna eta inpunitatea daude” eta sanferminetako taldekako bortxaketa eredu gisa jarri zuten. Erasoen biktimei sinesten dietela nabarmendu zuten : “guk zure lekukotasuna baino ez dugu behar. Badakigu arma guztiak erabiltzen dituztela zure askatasuna ezereztu eta zure gorputza makurrarazteko. Finean, emakume guztion gorputzak mendean hartu eta askatasuna deuseztatzeko”.