Altsasuko auzian auzipetutako bi gazteren abokatuak haien baldintzapeko askatasuna eskatu zuen epaiaren data jakin bezain laster. Epaiketarako bost hilabete falta direla, espetxean 13 hilabete daramatela, familia eta gizarte errotzeagatik ihes egiteko edo gertaera errepikatzeko arriskurik ez dagoela nabarmendu zuen.
Baina eskaera atzera bota zuten epaileek. Argudiatu dutenez, “delituaren natura eta eskatutako zigorraren larritasuna ihes egiteko arriskua dago”. Preso daudenen zigor eskaera bera duten beste lau gazte aske daude. Baina “neurri bakarrarekin neurtu” dutela gaineratu dute epaileek, epaileen iritziz Adurren eta Jokinen “jarduna nabarmenagoa da eta arrisku gehiago dakar”.
Ostegunean 13 hilabete beteko dituzte preso Adurrek, Jokinek eta Oihanek. Askatasuna eskatu eta “muntaiaren zifrak” salatzeko kontzentrazioa eginen da, ostegunean, esan bezala, 19:30ean. Ondoren, pintxo-potea dagoela baliatuz, triki-poteoa eginen dute. Bestalde, bigarren urtez, Altsasuko auzia presente egon da Durangoko Azokan. Elizako aterpean egon dira gurasoak materiala saltzen. Dena saltzeaz aparte, sinadura mordoa jaso dituzte.