Hiritarrekin parte hartu eta haiek egindako galderei erantzuteko prest dauden politikoak biltzen dira www.osoigo.com web gunean. Atari hori baliatu dute Altsasuko auzian auzipetuta dauden gazteen gurasoak. Lehenik herritarren babesa jaso behar izan dute galdera egin ahal izateko. Milako langa 24 ordutan baino lehen gainditu zuten eta 1.834ren babesa lortu zuten. Hala, Espainiako Kongresuan dauden alderdietako politikariei galdera egin diete: Altsasuko auzian oinarrizko eskubideak urratzen dituen terrorismo delituaren erabilera zabala egiten ari dela uste duzu?
Erantzuna emateko denboraren barruan hiru parlamentarik erantzun dute galdera. PSOEko Nacho Sanchez Amorren ustez “orokorrean, uste dut azken aldiko kasu batzuetan zigor tipoaren interpretazio itxuraz estentsiboa egiten ari dela. Horrek inplizituki benetako terrorismo ekintzak zuritzen ditu; horiek elementu gutxi batzuekin terrorismo ekintzatzat jotzen ditugu guztiok”. Horiek horrela izanda ere, parlamentari sozialistak dio Altsasuko auziaz iritzia emateko nahikoa elementurik ez duela.
EAJko Iñigo Barandiaran parlamentariak erantzun du Altsasuko Gurasoen galdera. Gertakariak terrorismoarekin lotzea “zentzugabekeriatzat” jo du. “Bere burua demokratiko eta zuzenbide estatutzat jotzen den batean herritarrek Justizia botere orekatu, proportzioa duena, iritzi politikotik apartekoa eta soilik zuzenbidearen menpeko dela ikusi behar dute”. Justiziaren halako jarduna bakegilea dela gaineratzen du jeltzaleak, baina Altsasukoen kasuan hortik “asko urrundu” dela gaineratu du. “Akzioak zigorra merezi duela pentsa dut, baina akzioen larritasunari dagokion proportzioan”. Azkenik, gaineratzen du kasu horretan “kulpa kolektiboen eraikuntza dogmatikoa” izan dela.
Azkenik, EH Bilduko Oskar Matuterendako “terrorismo delituaren erabilera estentsiboaz hitz egitea motz gelditzea da. 78ko erregimenetik eratorritako errepresio kateko katebegiak dira”. Justiziak halako izenik ez duela gaineratu du eta preso dauden hiruen askatasuna eta auzipetze “justua” eskatu du, “instantzia egokietan eta berme guztiekin”. EHBildukoak gogorarazi du Alde Hemendik mugimendua 1978an sortu zuela Euskadiko Ezkerrak eta ez ETAk. “Zoritxarrez “dena ETA da” horrek aitzakia perfektua eman du banakakoen eskubideak eta kolektiboak zapaltzeko, hedabideak ixteko eta logika errepresiboa zabaltzeko, benetako demokrazia baten pareko zuzenbide sistema batean sekula gertatuko ez zena”.