Hilaren 14a izanik atzo Altsasuko auzia salatzeko kontzentrazioa egin zen plazan. Altsasukoak Aske herri asanbladatik akaberan esan zutenez, Adurri, Jokini eta Oihani “gure elkartasuna adieraziko diegu, berriro ere, eskutitzak idatziz”. Jakinarazi zutenez, atzotik hilaren 24ra arte tabernetan orriak eta helbideak utziko dituzte. Idatzitako gutun guztiak abenduaren 24ean, 17:00etan, jasoko dituzte Foru plazan. “Jakina, helbideak gorde eta nahi duzuen guztietan idaztera” animatu zuten.
Ferietako esperientzia arrakastatsuaren ondoren etorri da gutunak idazteko eskaera berria. Orduan 500 gutun jaso eta bidali ziren espetxetara. “Horrek animo eta bultzada eman die, nahiz eta Adurrek orain dela gutxi jaso dituen, kartzela-zigorraren krudelkeriaren beste adibide bat”.
Datuak
Atzokoan “polizia-muntaiak” eman dituen zifrak salatu zituzten. Joan den urteko azarotik presoen senide eta lagunek 208.662 km egin dituzte espetxetara joan etorrietan. Kasik munduari zazpi buelta dira horiek. Hilero ibilitako 16.050 km dira. Senideek 55.552 euroko gastuak izan dituzte orain arte, hilero 4.273.
Fiskaltzak zortzi auzipetuendako 375 urte eskatu ditu guztira. Horri 160 urteko gaitasun gabetzea eta 40 urteko zaintzapeko askatasuna gehitu behar zaie. Auzipetutako hiruk gaur 397 egun egin dituzte preso. Dagoeneko Espainiako Auzitegi Nazionalari 48.000 euro ordaindu dizkiote ustezko ardurengatik.
Elkartasunaren zifrak ere eman zituzten: 100 bat kontzentrazio, 8 manifestazio, hileko 14. egunetan 13 mobilizazio, dozenaka kirol eta kultur ekimen. Guztira 150 bat mobilizazio zenbatu dituzte. Horiek milaka lagun atera dituzte kalera, “mugarik gabeko elkartasuna”. Auzipetuei elkartasuna azaltzen ari zirenek 27 isun jaso dituzte, dirutan 3.800 euro direnak.