Altsasuko EHBilduk Zubi-ondo elkarteko fatxadan agertutako pintadak salatu ditu. Koalizioak “eraso faxista” ez dela “gertaera bakartia” izan nabarmendu du, Mendillorriko eta Gasteizko kasuak gogorarazi ondoren. EHBilduk nabarmendu duenez, “Falange Vasconavarrak, bere sare sozialetatik, Zubi-Ondo elkartea mehatxatu ondoren egindako pintaketak ez dira kasualitatea”. Egilea “urrutik datorren eta oraindik gure gizartetik desagertu ez den korronte baten adibidea da”.
EHBildutik azaldu dutenez, “edozein eraso faxistaren aurrean lehentasuna erantzuna da, gizarte osoarena. Beraien mehatxuen gainetik, berdintasunaren aberastasuna eta desberdinari errespetua izan behar dira oinarriak, haietatik aldaketa indartzen eta gizartea eraikitzen jarrai dezagun”. Koalizioak elkarteari elkartasuna azaltzearekin batera, “gure herriaren alde orain arteko konpromisoarekin lanean jarraitzera” animatu du. Eta laguntza emateko prest azaldu da.