Ezezagunek Falangeren aldeko pintaketak egin dituzte Zubi-ondo elkartean gauean. Honakoak idatzi dituzte elkartearen fatxadan: Gora Falange; Akabatuko zaituztegu eta Falange ETA berria. Erakundearen bi irudi (uztarria eta geziak) eta nazien svastika bat margotu dituzte ere. Falange Vasconavarra izena erabiltzen duen Twittergo @Tussuria kontuan abenduaren 11ko txio batean mehatxu pintaketak agertutako elkartearen argazkia eta helbidea agertu ziren eta “Dostoievskiren demonioen habia” gisa definitu zuten.
Aurrekariak
1936ko estatu kolpearen ondoren eraildakoen omenez Otsaportilloko lezean jarritako Jose Ramon Andaren eskulturan pintaketa agertu zen irailaren 2ko gauean: gehiagorendako tokia dago idatzi zuten eta Falangeren bi ikur margotu zituzten. Eskultura behin baino gehiagotan erasotu dute. Esaterako 2010eko azaroaren 3ko gauean Espainiako banderak eta mehatxuzko hainbat mezu idatzi zituzten: Gora Espainia, sasikume putoak; Zuen erruz negar egin zuten ama guztien partez eta Dagoeneko ezin da bakerik egon, gerra galdu zenutelako, lehertu behar zaituztet.
Altsasuko auzia eragin zuen liskarra hasi zen tabernako pareta pintaketa egin zuen Falangek 2016ko azaroaren 7an. Orduko hartan honakoa idatzi zuten: Pikoletokin aise, falangekin kasu. Falangeren ikurra ere margotu zuten.
2009ko agorrilaren 20an, Arbizun, lau zinegotziren izenak eta haien kontrako heriotza mehatxuak (“orain zelatan, bihar hilko zaituztegu”) agertu ziren idatzita Arbizuko udaletxeko fatxadan. Aldamenean Falangeren logotipoa eta “Otsaportillo 1936. Gora Barandalla!” idazkia zeuden. Gerora Falange y Tradición taldeak bere gain hartu zituen Euskal Herrian egindako 25 eraso, baina zerrendatu gabe. Urte hartako lastailaren 23an atxilotu zituzten taldeko bost kideak. Haietako hiru mehatxu delituagatik zigortu zituzten. Aurrekaririk ez zutenez bat bera ere ez zen espetxera joan.