Altsasuko Udalaren Emakume eta Berdintasun Zerbitzuak 25 urte bete ditu eta haren batzordeak proposatuta duela 25 urte hasitako bidea programa prestatu zuten. Horren barruan hitzaldi bana eman zuten Arantza Urretabizkaia Bejaranok eta Saioa Iraola Urkiolak. Egitaraua borobiltzeko 25. urteurren festa ospatuko da hileko azken ostiralean.
Berdintasun teknikari Idoia Goikoetxea Gomezek azaldu digunez, “25 urteko epeko garrantzitsuena ez da Altsasuko Udalak egindako lana, baizik eta emakumeek lortutako aurrerapenak. Eta, gure kasuan, Altsasuko emakumeenak”. Horregatik, urteurren ospakizunean “emakumeen ekarpenak, iritziak, balorazioak eta abar ikustarazi nahi ditugu”. Horretarako emakume altsasuar batzuk parte hartuko dute ekitaldian.
Baina gogoratzearekin batera “etorkizuna erakutsi” nahi dutela jakinarazi digu Goikoetxeak: “ideien eta proiektuen etorkizuna, baita neska eta emakumeena ere”. Horiek irudikatzeko ospakizunean dantza, musika eta bertsoak lantzen dituzten nesken taldeak parte hartuko dute. Ekitaldiak 25. urteurreneko bideoa aurkezteko balioko du. Hartan mende laurden horretan “berdintasunaren alde lan egin duten erakundeek eta emakumeek” parte hartzen dute.