Joan den urteko ferietako liskarraren ondoren Altsasuko auzia gisa ezagutzen denak badu erakusketa. Auzipetutakoen gurasoek eta herri-asanbladak elkarrekin prestatutako erakusketa horrek auziak izan dituen gako nagusiak errepasatzeko balioko du: manifestazioa handia, fiskaltzaren eskaera… Horretarako dozena bat argazki panel prestatu dituzte. Irudi bakoitzaren ondoan bere azalpena izanen da.
Horrekin batera, irakurgai ugari izanen da erakusketan. Alde batetik, lege argudioak jasotzen dituzten testuak. Bestetik, auziaren inguruan hainbat erakundek onartutako adierazpenak. Baita auziarekin lotura duten bestelako testuak. Haien aldamenean orain arte auziarekin lotuta egindako kartel eta ikus-entzunezko guztiak ikusgai izanen dira.
Espetxean daudenak bisitatzera senideek eta lagunek egindako joan-etorriak munduari bost buelta dira dagoeneko. Hori islatzen duen munduko bola ere ikusteko aukera izanen da. Erakusketan koaderno bat izanen da zeinetan bisitariek euren iritzia uzteko aukera izanen duten. Eta, jakina, Iortian gurasoen manifestua sinatzeko aukera izanen da.