Altsasu, gauerako aterpe

Guaixe 2018ko urt. 7a, 13:12

Etzegarateko portuaren itxierak 400 bat ibilgailu harrapatuta utzi ditu. Altsasun eman dute eman dute 600 bat pertsonak: 300 kiroldegian, 90 Otadiako Kristo Deuna aterpean, 60 Burunda frontoian eta hainbat altsasuarren etxeetan.

Frantzia, Suitza, Holanda, Beasain, Idiazabal, Ormaiztegi… helmuga horrekin errepidean ziren asko eta asko atzo iluntzean. Gehienak Portugaldik abiatu ziren, sorterrian oporrak pasa ondoren harrera-hirietara bueltatzen ziren, bihar lanean hasteko. Bikoteak, bakarrik zihoazenak, haurrak zituzten familiak, adinekoekin bidaian zeudenak…

Elurrak guztiak A-1 autobian berdindu zituen. Gipuzkoako aldean Etzegarateko portua itxi zen eta ondorioz Sakanako aldean zirkulazioa trabatuta gelditu zen. Leitzarango Autobia (A-15) ere itxita zegoenez, elurra kentzeko makinek Altsasurako bidea garbitu eta harrapatuta gelditu ziren auto guztiak Burundako herrirantz bideratu zituzten. Udal eta foru agintariak harremanetan ziren ordurako eta zenbait erabaki hartzen hasiak ziren.

Antolakuntza
Ordurako altsasuarrek autobian zeuden arazoen berri bazuten eta etorriko ziren pertsonak laguntzeko prestatzen hasi ziren. Lehenik, jendeari jakinaraziz. Hala, etxean, poteoan, elkarteetan afaltzen zeudenak… adin guztietako jendea elkartu zen Zelandi kiroldegian, batez ere gaztea.  Autoak herrira sartu ziren eta haiek aparkatu ondoren jendea kiroldegirantz bideratzen aritu ziren. Ordurako udal zerbitzuek hainbat kaleetatik elurra kenduta zuten. Lehen filtro batean umeak eta haur txikiak zituzten familiak Nafarroako Gobernuaren Otadiako Kristo Deuna aterpetxean sartu zituzten. Haietako askok ere altsasuarren etxeetan lo egin dute.

Altsasuko elkarteak eta Urdiaingo herri bazkarietako taldea jakinaren gainean jarri zen, helburu bikoitzarekin: kiroldegian eta Burunda frontoian aterpea hartuko zutenak gauean jateko eta edateko zerbait beroa izatea eta gauza bera goizean. Altsasuarreki, zabaldu egin duten Eroski dendatik, DYAk eta Gurutze Gorriak ekarritako jakiak kiroldegian eta frontoian sartzeaz arduratu ziren, baita banaketaz ere. Egoitzetan, baita autobian zeuden autobusetakoei ere. Goizaldeko lauak eta erdirako lana eginda zegoen. Batzuk gaua egin badute ere gehienak 08:00etan bueltatu dira lanera.

Gaur
Boluntarioak kiroldegira eta frontoira iritsi direnerako jende asko eta asko jaikita zegoen. Batzuk ez dute apenas lorik egin. Eta berehala abiatzeko asmoa zuten. Horregatik, asko kiroldegiko ezkaratzean abiatzeko prest zeuden, urduri, noiz abiatuko zain. Frontoian zeudeak kiroldegira eraman dituzte.

Gosariak banatu bitartean (egoitzetan eta autobusetan) iritsi da Leitzarango Autobia (A-15) zabalik zegoela eta hainbat auto gidarik aukera horren alde egin dute 08:30etik aurrera. Ordu bat geroago zabaldu da Etzegarate. Ordurako hainbat boluntario altsasaurrek euren ibilgailutan jendea autobiara eraman du, euren autoak edo autobusak zeuden tokietaraino. Baina beste batzuek oinez hurbildu dira aterpe parean zeuden autobusetara eta hor ere gidari lanetan izan dituzte altsasuarrak. Esker oneko hitzak jaso dituzte denek.

Guztiak abiatu direnean, guztia jasotzeko garaia iritsi da. Kiroldegia eta frontoia behar bezala 11:00etarako gelditu dira. Han zegoen material guztia udaletxean jaso da.

Erlazionatuak