"Izugarrizko elkartasuna egonda Altsasun!"

Guaixe 2018ko urt. 7a, 12:06

Etzegarateko itxieragatik elurretan harrapatuta gelditu direnei altsasuarrek emandako erantzuna ona nabarmendu Jvier Ollo Martinezek, Altsasuko alkateak.

Larunbatean lo gutxi egin zuen Javier Ollo Martinez alkateak. Eta bera bezala, eta altsasuar askoren moduan boluntario lanean aritu ziren Pedro Jimenez Elvira, Jose Luis Moran Fernandez eta Virginia Alonso Aparicio zinegotziak eta Asun Fernandez de Garaialde Sala parlamentaria ere (familia jaso zuen etxean). Ollok esan zuenez, “larunbat gauean eta domeka goizean altsasuarrek egin dutena agerian uzteko modukoa da: izugarrizko elkartasuna egon da Altsasun”. Lanean aritu ziren eta etxea eskaini zuten elkartasuna nabarmendu zuen alkateak.

Etzegarate itxi zela, 300-400 ibilgailu eta ehunka pertsona gau hartan Altsasun gelditu behar zirela esanez Guardia Civilaren deia 22:30ean jaso zuen alkateak. “Hortik aurrera erabakiak oso azkar hartu behar izan ziren”. Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko koordinazioa “nahiko egokia” izan dela uste zuen alkateak. Gurutze Gorriak eta DYAk egindako lana ere goraipatu zuen alkateak, baita Eroskik ateak zabaltzea eskertu ere. “Herri bezala oso irudi ona eman dugu. Gauean jende askok esaten zidan: ea orain gauza hauengatik Altsasuren irudi erreala ikusten den”. Herrian harrapatuta egon zen jendeak hori ikusi zuela gaineratu zuen alkateak. “Esperientzia oso berezia izan da, baina gaur azpimarratu behar dena elkartasuna da”.

Erlazionatuak