XX. mendeko azken kinta osatzen duten 78 gazteak aurreneko dantza entsegua izan zuten atzo. Burunda frontoian bildu ziren eta festa egutegia erabakitzea izan zen lehen egitekoetako bat. Aukerak aztertuta, bozketa bidez, asteazkenean, otsailaren 7an atseden hartzea erabaki zuten. Beraz, kinto ospakizuna astelehenean hasi, asteartean segi eta, atseden egunaren ondoren, ostegunetik larunbatera luzatuko da.
Jota, Porrusalda eta Zortzikoa dantzatzen ikasiko dute kintoek otsaila hasiera bitartean. Astegunero 21:00etatik 22:00etara Burunda frontoian dute hitzordua. Irakasle lanak Andoni Beramendik eta Txetxo Claverrek eginen dituzte aurten ere. Aurrenekoak 10. urtea du egiteko horretan, bigarrenak, berriz, 3.a. Zortzikoa dantzatzeko bikoteak erabakiak zituzten aurretik kintoek. Apenas dago bikote mistorik. Irakasleen lehen egitekoa bikoteen artean zozketako zenbakiak banatzea izan zen. Horrela, bikote bakoitza zortzikoko ilaran zein ordena izanen duen erabaki zen. 78 kinto direnez eta ospakizunak bost egun dituenez, egunero 16 bat zortziko dantzatuko dira Foru plazan.