Altsasuko Auziak zifra gordinak uzten jarraitzen du. Esaterako, gaur 424 egun preso beteko dituzte Oihanek, Adurrek eta Jokinek. Eta beraien eta Ainararen, Jonanen, Julenen, Aratzen eta Iñakiren kontrako epaiketarako 95 egun falta dira. Altsasuko ferietako liskarraren ondotik martxan jarritako auzibideari erantzuna emateko, makina bat ekimen eta egitasmo burutu dituzte Altsasukoak Aske herri asanbladak eta Altsasuko Gurasoak taldeak, besteak beste.
Tartean, Altsasukoak Aske herri asanbladak Altsasu, eskubide eta askatasun demokratikoak jokoan izeneko erakusketa mustu zuen Altsasuko Iortia Kultur Gunean, abenduaren 30ean. "Erakusketa honek Oihan, Jokin eta Adur gure lagunak atxilotu zituztenetik azkeneko 14 hilabeteetan gauzatu diren gertaera garrantzitsuenak biltzen ditu" azaldu zuen herri asanbladako ordezkari Itziar Perez Argomanizek. Aipatu erakusketa ibiltaria da. Iortia kultur gunean egon zen ikusgai ilbeltzaren 5era arte, baina helburua herri eta hiri desberdinetara eramatea da, "baita Europara ere, pairatzen ari garen egoera salatzeko eta datozen hilabete erabakigarrietarako konpromisoak lortzeko" gaineratu zuen Perez Argomanizek.
Erakusketan 11 argazki handi bildu dira, azken hilabeteetako momentu gakoak erakusten dituztenak, eta Altsasuko Auziaren momentu giltzarri horien azalpenak. Horrekin batera, bideoak eta kartelak ere daude ikusgai.
Epaiketaren zain
Apirilaren 17an hasiko da Altsasuko gazteen kontrako epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 375 urte eskatu ditu. "Izugarrikeria galanta pairatzen ari gara, oinarrizko printzipio demokratikoak dituen edonork onartu ezin duena" nabarmendu zuen Perez Argomanizek. Altsasukoak Aske herri asanbladako kideak gaineratu zuen "edozein tokitan goizaldeko bostetako liskartzat hartzen dena, Altsasun, ordea, terrorismo antolatua" dela, eta aipatu zuen ez dagoela soilik euren lagunen askatasuna jokoan, guztion askatasun demokratikoa baizik. "Horregatik, askatasun demokratikoa eskatzen dugu, biltzeko askatasuna, adierazpen-askatasuna, mugitzeko askatasuna… bizitzeko eta izateko askatasuna exijitzen dugu". Bukatzeko, eskerrak eman zizkien Altsasuko herritar, elkarte zein aniztasun handiko taldeei, "pertsona guztion lanari esker manipulazioari eta estatuaren estamentu boteretsuei aurre egiten ari garelako".
Gurasoak
Altsasuko Gurasoak taldetik Bel Pozuetak hartu zuen hitza. "Erakusketa honen bidez herri bezala egin duguna ikustea zorabiagarria da, eta, aldi berean, harrotzen gaitu" aitortu zuen. Pozuetak adierazi zuen "sufritzen ari garela, baina sufrimendu honek indarra sortarazi digula, Iruñara, Madrilera, Bartzelonara, Bruselara eta Euskal Herriko herri guztietara joateko, gure errealitatea pertsona desberdinekin partekatzera". Bilkura guztietan elkartasuna jaso dutela ere azpimarratu zuen. "Epaiketako eskaerak bidegabekoak eta krudelak izateaz gain, inolako berme juridikorik gabe planteatuta daude. Gure seme-alabendako ez da inoiz errugabetasun-presuntziorik egon eta soilik Guardia Zibilaren eta euren akusazioaren bertsioa hartu da kontuan. Batetik animatuta gaude, honi guztiari aurre egiteko gogoz, baina, aldi berean kezkatuta, datorrena oso serioa delako" gaineratu zuen Altsasuko Gurasoen ordezkariak.
Txokolate-jana
Igandea hilaren 14a da. Azaroaren 14an Guardia Civilak sarekada egin zuela eta, oraindik, hiru gazte preso daudela gogorarazteko ekimenak egiten ditu herri-plataformak. Etzi hala izanen da ere. 18:00etan jarri dute hitzordua Gure Etxea eraikinean. "Hotzari eta justizia faltari aurre egiteko" elkartasun txokolate jan "goxo eta beroa" antolatu dute.