Golem zinemak eta Gaztelu plaza arteko ibilbidea eginen da apirilaren 14an. Aurkezpenean esan dutenez, "Iruñeko kaleak elkartasunez eta babesaz betetzeko ordua dela uste dugu. Horregatik, giza eskubideen aldeko eta askatasunaren aldeko eta berme demokratikoen aldeko manifestazio plural eta jendetsuenetariko bat osatzera deitzen zaituztegu". Azaldu dutenez, mobilizazioa "pairatzen ari garen zentzugabekeria salatzeko eta askatasunaren, justiziaren, giza eskubideen eta Zuzenbide Estatuaren printzipioen aldeko konpromisoa adierazteko" da.
Manifestaziorako aukeratutako data epaiketa aurreko larunbata da. Espainiako Auzitegi Nazionalean zortzi gazte altsasuarrak apirilaren 16tik 27ra epaituko baitituzte. 375 urteko kartzela zigorrari aurre egin beharko diete. Epaiketa iristen denerako hiru gaztek Madrilen 17 hilabeteko espetxealdia beteta izanen dute. Gaur 437 egun egin dituzte preso. Aldi berean, bostak epaitegira 15ean behin joan eta mugimenduak mugatuak dituzte.
Babestuta
Manifestazioaren deitzaileek azaldu dutenez, "egoera larri honen aurrean, Altsasu konpromisoz eta mobilizazioz beteriko herria da gaur egun". Gurasoen eta herri-asanbladaren ordezkariek esan dutenez, "ez gaude bakarrik. Sozio-kulturalki jaso dugun babesa erraldoia izan da".
Babes horren adierazletzat jo dute proportzionaltasuna, justizia eta ekitatea eskatzen dituen manifestuak jasotako 80.000 sinaduratik gora, zeinetan gizarte eta kulturako hainbat pertsona ezagunenak dauden. Politika eta justizia arlotik jasotako babes ugariak ere nabarmendu zituzten.
Atzera ere gogorarazi dute Nafarroako Lurralde Auzitegiak 2017ko martxoaren 23an "terrorismo delitua leporatzeko arrasto arrazionalik ez zegoela" esan zuela. Ziurtatu dutenez, "prozesu-bermerik gabeko epaiketa baten aurrean gaude. Prozesuan hainbat oinarrizko eskubide urratu dira: errugabetasunaren presuntzioa, epaile natural eta inpartzialaren eskubidea, defentsarako eskubidea…" Eta nabarmendu dute "instrukzio epaileak aintzat hartu duen bertsio bakarra akusazioarena" izan dela. Akusaziozko txostenak Guardia Civilak egin ditu, ez agente neutral batek, Guardia Zibila kasuaren parte baita".
Bukatzeko, ziurtatu dutenen, "ez dago bakarrik gure lagun eta seme-alaben etorkizuna jokoan; gizarte demokratiko baten printzipioak daude jokoan, Zuzenbide Estatua dago jokoan. Gure seme-alabekin batera sen ona eta gizartea babestu beharko lukeen segurtasun juridikoa eseriko dira aulkian".