Gure Etxea eraikineko beheko solairua jendez lepo zegoela egin zen Altsasukoak Aske literatur lehiaketako sarien banaketa. Sariketaren helburua zen Altsasuko auzia deitzen dena hasi zenetik bizi izandako guztia modu sortzailean ematea.
Euskal Herri guztitik bidalitako 54 idazlan aurkeztu ziren Altsasukoak aske lehiaketako 12 ataletako batetara: olerkia, narrazio laburra eta mikro ipuina, gazte edo helduen mailan eta gaztelaniaz eta euskaraz. Azken horretan aurkeztu ziren lan gehienak. Bi mailetan lan bana aurkeztu ziren. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, lan bakarra aurkezteagatik ez zuten saria ziurtatuta, gutxieneko kalitatea eskatzen zitzaien eta saritutako lan guztiek izan zuten.
Maila bakoitzean aurreneko biendako sariak izan ziren. Guztiek Altsasuko Gurasoek emandako diploma eta Altsasukoak Aske herri asabladako kideek emandako materiala jaso zuten. Baita Arkatz liburu-dendak emandako opari-txartela. Bost sari Sakanan gelditu ziren, hiru Altsasun eta bi Etxarri Aranatzen.
Saria jaso zuten 13 pertsonetatik 2k ezin izan zuten ekitaldian parte hartu. Gainontzekoek saria hartzearekin batera hura merezi zuen idatzia jendaurrean irakurri zuten, sari banaketa hutsa beharrean literatur ekitaldia bihurtuz ostiralekoa. Hitza Burundar Txistularien doinuekin lagundu zuten.
Asanbladako antolatzaileek azaldu zutenez, "testu horiek guztiek elkartasuna adierazi digute, jakin baitigu hau ez dela terrorismoa, justizia besterik ez garela eskatzen ari eta aske nahi ditugula gure gazteak".
Saila | Maila | Hizkuntza | Aurkeztutako lanak | Saria | Egilea | Izenburua | Herria |
Narrazio laburra | Gazteak | Euskara | 1 | 1. | Hutsik | ||
Gazteak | Euskara | 2. | Igor Martinez | Ase, baina Aske | Atarrabia | ||
Helduak | Euskara | 7 | 1. | Joxe Aldasoro | Ukabila altxatuta | Etxarri Aranatz | |
Helduak | Euskara | 2. | Oihane Zuberoa Garmendia | Kezkak lili artean | Erronkari | ||
Helduak | Gaztelania | 1 | 1. | Aitor Iragi | El increíble caso de la bronca menguante | Iruñea | |
Mikro-ipuina | Gazteak | Euskara | 3 | 1. | Alex Santano Alvaro | Zigorra | Altsasu |
Gazteak | Euskara | 2. | Aitor Tena | Egunsentia gertu da | Zumaia | ||
Helduak | Euskara | 12 | 1. | Haizea Ramirez de Alda | Leihotik | Altsasu | |
Helduak | Euskara | 2. | Joxe Aldasoro | Tunelean | Etxarri Aranatz | ||
Helduak | Gaztelania | 5 | 1. | Hutsik | |||
Helduak | Gaztelania | 2. | Alicia Garcia | La niebla de Sakana | Elgeta | ||
Poesia | Gazteak | Euskara | 1 | 1. | Aratz Fernandez | Akordatzen | Gasteiz |
Helduak | Euskara | 15 | 1. | Ane Marcos | Hutsera | Atarrabia | |
Helduak | Euskara | 2. | Garbiñe Sagastibeltza | Iluntasunaren argia | Leitza | ||
Helduak | Gaztelania | 5 | 1. | Maria Pinto | Testamento | Gasteiz | |
Helduak | Gaztelania | 2. | Ana Larraza | De amor y dolor | Altsasu |