Nafarroa Oinezek antolatuta, Eñaut Elorrieta kantaria bere Deserriko kantak (2013, Elkar) diskoa aurkeztera etorriko da Altsasuko Iortia kultur gunera, etzi, 19:30ean. Sarrerak agortuta daude dagoeneko. Emanaldi horrekin itxiko da Iñigo Aritza ikastolak antolatu duen Kultur Erronda, aurretik Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia bisitatu dituena.
Zuzenekoan, Elorrietak bidaiatzera gonbidatzen du jendea, norberaren barneko kartografian barrena ibiltzera, aldi berean gogoeta eraginez aberriaz eta atzerriaz, bakoitzaren emozioen geografiaz. Baina hori eta gehiago izango da biharko Altsasuko kontzertua, Deserriko kantez gain, Ken Zazpirako konposatu dituen kantu batzuk, kanta berriren bat eta orain arte sortutako beste batzuk eskainiko dituelako. “Momentu honetan nondik natorren eta non nagoen azalduko dut, era biluzi batean”. Berarekin bildu gara.
Deserriko kantak zure bakarkako lehen lana izan da. Ken Zazpi taldetik aldentzearen beharra sentitu zenuen? Nondik sortu zitzaizun bakarkako lana egiteko asmoa?
Ken Zazpik ez dizkit eta ez zizkidan asetzen neuzkan kezka musikal guztiak. Duela 20 urte hasi ginen Ken Zazpin, orduan mugitzen zaituzten aferak ez dira gaur egun mugitzen zaituzten berdinak. Bizitzan ere beste kezka batzuk sortu eta eboluzioa dagoen bezala, musikagintzan ere hala izan da nire kasuan, eta behar nuen Ken Zazpi bigarren planoan batean utzi eta bestelako bideak uztartzea. Horrela hasi nintzen Deserriko Kantekin eta orain ere bide horretan ari naiz.
Zergatik deserria?
Hor aurkitu nuen inspiratzen ninduen gai bat. Beharbada horra bultzatu ninduten hainbat aldagaik: justu garai horretan Gernikatik Getarira bizitzera etorri nintzen; ez da deserri bat inondik ere baina betiko ingurunetik apartatu nintzen; Ken Zazpitik urruntzeak maila musikalean beste espazio batera eramaten ninduen... Eta deserriaren kontzeptuak, orokortasunean, hainbat gai jorratzeko aukera ematen zidan, deserri fisikoa, esaterako, gure herrian hainbat jendek bizi izan duena. Badira hainbat idazle eta olerkari gai honen inguruan hainbat poema dituztenak, eta gustatzen zitzaizkidan, irakurketa ezberdinak ematen zizkidalako. Deserria, aldi berean barrura begira ere badelako, ez lekuan, zure gorputzetik kanpo, zure musikatik kanpo deskribatzeko ispilu bat. Irakurketa ezberdinak ematean zizkidan kontzeptu horrek eta hortik tiraka egin nuen diskoa.
Sarrionaindia, Cano, Benedetti, Aresti... euren olerkiak musikatu zenituen. Autore ezberdinak dira, baina deserriaren aurrean puntu amankomunak dituzte? Denok berdin sentitzen al gara desesrrian?
Hori izan zen deskubritu nuen gauza bat. Deserriaz munduko txoko ezberdinetan idatzitako poemek badituzte puntu amankomunak. Palestinar betek, kurdu batek, Uruguaiko batek.. ñabardura ezberdinekin baina era berdintsuan bizi dute deserria.
Garai zailak dira hauek: errefuxiatu ugari daude, eta euren egoera latza da. Deserriko kantek egunerokotasuna izaten jarraitzen dute...
Europako mugetan hainbat deserriratu dauzkagu. Niretzat drama humano ikaragarria da: historiako momentu gogorrenetako bat da, eta ez gara hain konziente eta sensible izaten ari. Akaso hurrengo belaunaldiak galdetuko digute, zer ibili ginen. Ikaragarria dela iruditzen zait, milaka lagun ate joka, laguntza eske daude, urruneko gerretatik ihesi, eta Euskal Herrian soilik bakan batzuk hartu dira. Euskal Herria izan da arrazoi ezberdinengatik erbestera eta deserrira joan den herri bat, eta gai honekin oso sensiblea izan beharko luke; jende horren larruan jarri beharko ginateke.
Deserria bakardadea da, eta askoz gehiago, baina esperantza omen dago guztiaren gainetik. Zure kantuetan ere hori sumatzen da?
Bai. Kantu horietan itxaropena bilatu nuen melodiarekin. Letrak gordinak dira, baina letra tartean idazleek beti egiten zioten halako aipu bat itxaropenari, baita poemarik gordinenean ere. Nik musikarekin egin nion lekua itxaropenari. Deserriratuak momentu askotan galduko du itxaropena, baina beti mantenduko du herrira itzultzeko nahia, eta bizitzan ere lagunduko dio. Deserriratu batzuk ezagutu ditut, izaten dira garaiak itxaropenari begiratzera oso zaila dena, baina beti dago hor presente, eta egoera hori eramaten laguntzen du.
Zein da Deserriko Kantak laneko zure kanturik kuttunena?
Uff... zaila erantzuna. Badago kanta bat, eta beharbada jendeari gutxien gustatzen zaiona izango da, nire baitan balioa izan duena: Itzulera II. Hau kanta errezitatua da, nire inguruko jendearen laguntzaz egin nuen eta bertan nire aita dago, errezitatzen. Duela urtebete hil zen, eta nola diren gauzak, nola aldatzen diren kantuak eta zein dimentsio ezberdinak hartzen dituzten. Orain, kantua entzutean sekulako zirrara sortzen dit aitaren ahotsa entzuten dudalako. Momentua gogoratzen dut, bera kaskoekin, estudioan, ni berari gomendioak ematen... egun asko hunkitzen nauen kantua da. Kantuak eraldatze prozesu etengabean daude eta momentuan ezer esaten ez diguten kantuek bat batean barrua mugitzen digute. Hori da artearen, kantuen eta musikaren handitasuna, nire ustez.
Zer nolako ikuskizunaz gozatuko dute Altsasun zu ikustera bilduko direnak?
Ni gaur egun non nagoen, hori izango da, finean. Ez ditut soilik Deserriko Kantak eskainiko. Orain ez nago puntu horretan. Kantu horiek presente egongo dira, baina baita orain arteko ibilbidean sortu ditudanak: Ken Zazpirako konposatu ditudan kantu batzuk, kanta berriren bat… momentu honetan nondik natorren eta non nagoen era biluzi batean azalduko dut, nire gitarraren laguntza soilarekin. Jendeari eskaini nahi dizkiot kanta hauek sortu nituen momentuan sortu nituen bezala, nire lokalean sortu nituen bezala, soil soilean. Kantuaren esentzia, bere biluztasunean, eskaintzea, modu hurbilean, hori da egingo dudana.
Sakanan Hatortxu Rocken ikusi zintugun, bakarka eta baita Ken Zazpi taldearekin.
Hatortxu Rockekoa pasada bat izan zen: oso ongi antolatua, giro bikaina... Egunez jo genuen eta kontzertu horiek intentsoagoak dira. Oso oroitzapen goxoa gordetzen dut, uste dut Ken Zazpi girako kontzertu berezienetako bat izan zela. Baina orain gorputzak eskatzen dit barrura jotzea, negua ere bada, Iortian gustura egongo gara epelean... Kontzertu handiak bizi izan ditut, baina tarte batean asetu naute: argi pila bat, vatio pila bat... ongi pasatu dut eta aurrerantzean ere egingo ditut, kontzertu horiek bere xarma badute. Baina orain gorputzak beste bide bat eskatzen dit, biluztea, txikira jotzea, txikiaren matizak bilatzea eta su artifizialik gabe esentzia bilatzea. Bide horretan nago azken urteetan.
Ken Zazpik egitasmo berririk al du?
Oraingoz deskantsu bat hartu dugu. Azaroaren 30ean azken kontzertua eman genuen Kursaalean. Kontzertuz betetako bi urteko giraren ostean, brotxe ikaragarria izan zen. Orain beste gauza batzuk egiteko gogoa dut, taldean erabaki dugu beste esperientzia batzuk izango ditugula. Hemendik urte batzuetara proiektu baten inguruan biltzeko gogoa pizten bazaigu, egingo dugu. Bitartean proiektua lozorroan utziko dugu, deskantsatzen. Ken Zazpi ez da bukatu, uste dut bueltatuko garela gutxienez kontzertu batzuk eskaintzera. Disko gehiago egongo diren? Ez dakit, distantzia hartzea behar dugu, beste esperientzia batzuk izatea eta hori egingo dugu.
Eta Eñaut Elorrietak epe motzean zein asmo ditu?
Eskuartean hainbat proiektu ditut. Batetik kantuak konposatzen ari naiz. Hemendik urte bat edo urte t´erdira nire bigarren lana izango dena grabatzeko asmoa daukat. Eta, bitartean, urte bukaerarako bira berezi bat ari naiz prestatzen, formatu berezi batean, orain arte egin ez dudana eta Euskal Herrian ere gehiegi egin ez dena. Ilusionatuta nago, ez dut ere gehiegi aurreratu nahi, berezia izango dela, hori bai. Bestetik, aspaldi honetan Europan eta munduan biran nabil Labek ahizpekin. Baionako bi pianista dira, mundu mailan musika klasikoaren zirkuituan ibiltzen direnak. Errepertorio euskaldun bat prestatu dute eta beraiekin hiru kanta eskaintzen ditut: Haika mutil, Etxahun Irurin beste kantu bat... Horrela, beste zirkuitu batzuk ezagutzeko aukera dut. Musika bizitzeko beste modu batzuk deskubritzen ari naiz, eta oso aberasgarria izaten ari da.
Oso ondo datorkit, beste pista batzuk ematen dizkit musika klasikoaren mundu honek. Mikrofono gabe jotzen dute normalean. Suizan, Vianan, Hanburgon... izan gara. Azken kontzertu horretan 2.000 pertsonako aretoan bi pianoak eta ahotsak, mikrofonorik gabe. Ahotsak areto horretara erregulatu behar dituzu... eta nolako arretarekin entzuten duten, nola bizi duten musika... ezberdina da, ez hobea ez okerragoa, erabat ezberdina. Mundu hori deskubritzea polita izaten ari da, barrutik aberasten nau eta nire hurrengo lanetan eragina izango du.
Nafarroa Oinezek antolatutako kontzertua da zurea. Bizi da Altsasuko Nafarroa Oinezaren leloa. Zer sugeritzen dizu zuri?
Iruditzen zait bidean jarraitzeko modu bat, modu positibo bat. Azkenean egin daitekeela ahalegin bat, borroka bat, auzolan bat... beti positiboan. Bide horretan gertatzen dela bizitza. Oso lema potentea da, erakargarria eta positiboa. Gu saiatuko gara gure laguntza eta aportazioa gehitzen Nafarroa Oinezeko proiektu honi. Txikitatik joan izan naiz Nafarroa Oinezera, gurasoak ikastoletako irakasleak izan dira eta ni oso sensiblea naiz bai ikastolen mugimenduarekin eta, orokorrean, kultura eta euskararen aldeko borrokekin. Beti egon naiz hor, Ken Zazpirekin hainbat Oinezetan kontzertuak eskaini izan ditugu eta niretzako ohore bat da eta plazer handia, nire laguntza eta babesa eskaintzea aurtengo Nafarroa Oinezari. Oso pozik nago. Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei, oso gertu sentitu ditut larunbateko kontzertuko antolaketan, gauzak erraztu baino ez dizkigute egin. Bestalde, besarkada handi bat eskaini nahi diet Altsasuko gazteen gurasoei eta familiei; harremana izan dut beraiekin eta banan banan besarkada bat eskaini nahi diet.