Altsasukoak Aske herri-asanbladak antolatutako literatur lehiaketako sari banaketa ilbeltzaren 26an egin zuen. Orduan saritutako testuetako zazpi antzeztuak ikusteko aukera izanen da gaur. Izan ere, hilaren 14ero moduan, auziaren eraginez Guardia Civilak sarekada eta atxiloketak egin zituela gogorarazi nahi da. Oraingoan antzezlanen bidez salatuko dute auzia. Antzezleek istorio bat kontatuko dute eta, haren barruan, antzezleek momentu desberdinetan saritutako testuak irakurriko dituzte.
Tarima Beltzako Nahikari Gonzalez eta Amaia Mintegi eta Altsasuko antzerki tailerreko Beatriz Ganuza, Santi Goikoetxea eta Jone Pelaez dira kontakizuna harilkatuko duten aktoreak. Baina horren aurretik Nafarroako Antzerki Eskolako ikasleek egindako bideo bat emanen da. Antolakuntzak sorpresa ere iragarri du. Saioa gaur, 19:00etan, izanen da, Iortia kultur guneko areto txikian.