15 hilabete bete ziren atzo Altsasuko auziko gazteak atxilotuak izan zirela. Hilaren 14eroko ohiturari segituz, Altsasukoak Aske herri-asanbladak ekitaldia antolatu zuen. Oraingoan literatur lehiaketan saritutako zazpi lanen irakurketa izan zen. Tarima Beltzako Nahikari Gonzalezek eta Amaia Mintegik eta Altsasuko antzerki tailerreko Beatriz Ganuzak, Santi Goikoetxeak eta Jone Pelaezek eman jarri zieten ahotsa.
Istorio bat kontatuko zuten eta, haren barruan, antzezleek momentu desberdinetan saritutako testuak irakurriko dituzte. Honako zazpiak hain zuzen ere: El increible caso de la bronca menguante, Leihotik, Zigorra, Ase, baina aske!, Akordatzen, Hutsera eta Testamento. Kontakizunaren aurretik Nafarroako hainbat aktorek, sakandarrak barne protagonista ziren bideo bat eman zuten. Miguel de Cervantes, Joseba Sarrionaindia edota Leon Feliperen testuak errezitatzen ageri dira aktoreak Nafarroako Antzerki Eskolan eta Altsasuko Foru plazan.
Hitzorduak
Auziarekin lotutako hurrengo hitzorduak dira, alde batetik, Altsasuko herriak Nafarroan barna eginen duen bost etapako bira. Eta, bestetik, apirilaren 14an Iruñean eginen den manifestazioa.