Sanfermines 78 gogoan (SF78) herri ekimenak aste honetan abiarazi du Internet bidezko diru bilketa edo crowdfunding kanpaina. 1978ko sanferminetako gertaerak oroitaraziko dituen monumentu bat sortu eta jartzeko gastuak ordaintzeko da bildu nahi duten dirua. http://goteo.cc/gogoan web orriaren bidez 40 egunetan gutxienez 22.896 euro jaso nahi dituzte. Nahiz eta lortu nahi luketen diru kopuru egokia 33.534 izan.
Gertakaria gogoraraziko duen lana Dora Salazar eskultoreak eginen du. Burdina forjatuan egindako bi metro inguruko figura bat, Ermuko Urkobase galdategian landuko dena. Gorputz totemiko bat da, ez buru ez besorik ez duena, “baina mingarria izatera iritsi gabe; gaia ederki identifikatzen ahal duena. Esanahien esparru bat, oroitarazteaz aparte, etorkizunari begira erasoei stop erranen diena” egilearen hitzetan. Obraren baitan “denboraren kutxa” bat izanen da eta bertan monumentua egiteko ekonomikoki laguntza ematen duten pertsona eta talde guztien izenak paratuko dira, haren herri izaera kolektiboa berrestea helburu.
Dagoeneko aurreikusitakoaren %35 lortu dute.