Altsasuko 48 kultur, kirol, gastronomia, gizarte edota elkartek eta taldek (kopurua handitu daiteke) bat egin dute. Helburua: "Altsasuko zortzi gaztek eta beraien familiak pairatzen ari diren injustiziaren aurrean Altsasuko auziari buruzko informazio zabaltzea". Horretarako, Nafarroako eskualde guztietatik bira eginen dute, justizia eskatuz, gertatutakoa terrorismoa ez dela nabarmenduz eta presoen askatasuna aldarrikatuz.
Egiteko horretan bihar hasiko dira eta martxoaren 25ean despedituko dute. Haietan parte hartzen dutenek, nork bere garraioa eramatea eskatu dute. Etapak behar bezala prestatzeko antolakuntzak azaldu du komeni dela zenbat jende eta auto mugituko diren jakitea. Horregatik, altsasumartxan@gmail.com e-postan izena ematea eskatu dute, eta horrekin batera zehaztea zenbat pertsona eta zenbat autotan joanen diren etapara.
Lehen etapa
Aurreneko etapa Zangozako merinaldera zeharkatuko du. Parte-hartzaileak 09:00etan abiatuko dira Altsasutik, suhiltzaileen egoitza parean dagoen aparkalekutik. Lehen geldialdia Zubirin eginen da, 10:15ean. Martxistei kiroldegiaren aurrean harrera eginen zaie eta Altsasuko gurasoek aurkezpena eginen dute. Ondoren, hamarretakoa izanen da, musikak alaituta. Eguerdian Garraldan izanen da bigarren geldialdia. Bertako ihote taldeak, Aezkoa eta inguruko taldeek antolatutako ekitaldia izanen da. Hura despedituta, errepidez Otsagabiara joanen dira. 13:45ean herriko taldeek musika harrera eginen dute. Altsasuko gurasoek euren aurkezpena eginen dute eta tokiko jaki tradizionalekin herri bazkaria eginen da.
Lehen etapako azken aurreko geldialdia Irunberrin izanen da, 17:30ean. Tokiko eragileek harrera eginen diete altsasuarrei eta auziaren inguruko informazio ekitaldia eginen da. Hangoa despedituta, 19:00etan izanen da etapako azken hitzordua, Zangozan. Herriko elkarteek eta zanpantzarrek harrera eginen diete, kalejira izanen da eta gurasoek hitza hartuko dute. Musika ez da faltako, ezta akabera festa ere.
Altsasuko herria Nafarroan barna eramanen duen lehen etapa hori auzipetutako gazteak kartzelan 467 egun daramatenean eta epaiketarako 51 egun falta direnean eginen da. Martxako antolatzaileek azaldu dutenez, "herriko zortzi familiek jasaten ari direna, justiziaren erabilera makurraren ondorioa da".
17 laguntza talde
Altsasuarren foru geografian barnako bira antolatzeko aurkezpen hitzaldietan 690 pertsona izan dira. Gainera, Nafarroako 17 herrietan laguntza talde bana sortu da, honakoetan: Zubiri, Otsagabia, Irunberri, Zangotza, Tafalla, Lizarra, Gares, Baztan, Bortziriak, Leitza-Larraun, Txantrea, Berriozar, Barañain, Errotxapea, Burlata, Iruñea eta Tutera.
Birako bost etapak
Otsailak 24: Zubiri, Garralda, Otsagabia, Irunberri eta Zangoza.
Martxoak 3: Tafalla, Gares eta Lizarra.
Martxoak 10: Lekunberri, Leitza, Elizondo, Lesaka eta Baigorri.
Martxoak 17: Iruñerrian bizikleta martxa.
Martxoak 24: Tutera eta Erribera.
Arcotik kanpo
Madrilgo arte garaikideko azokan, Arcon, Altsasuko auzipetuak presente egon dira. Santiago Sierra artistaren Preso politikoak gaur egungo Espainian lana Helgar de Alvearren galeriatik kendu arazi zuen antolakuntzak. Sortzaileak espetxean dauden edo egon diren 24 pertsonen argazki pixelatuak zintzilikatu zituen, izenik eman gabe, baina kartzelan sartzeko arrazoia emanez. Kataluniako eta Euskal Herriko politikoekin batera, Altsasuko auziko gazteak agertzen ziren. Lana kentzea zentsura dela salatu dute hainbatek.