Fair Trials irabazi asmorik gabeko giza eskubideen aldeko nazioarteko elkartea. Altsasuko auzia aztertu eta “asaldagarritzat eta itxuraz oso neurrigabetzat” jo du 50 urtetik gorako espetxe zigorra eskatu izana Altsasuko gazteendako; “gertaera horiek gehienez ere 5 urteko espetxe zigorra ekarriko luketelako terrorismoarekin lotutako delitutzat jo izan ez balituzte”. Aldi berean, “oso kezkagarritzat” jo du Espainiako Auzitegi Nazionalak defentsak aurkeztutako froga gehienak errefusatu izana; “defentsarako eskubiderako mehatxua izan liteke” adierazi du erakundeak.
Fair Trialsek ohartarazi du Espainia behin baino gehiagotan kritikatua izan dela terrorismoaren definizioa dela eta. “2015ean, Nazio Batuen Erakundearen errelatore berezien talde batek nabarmendu zuen horren definizio zabal edo lausoak agintariek legearen aplikazio neurrigabe edo hautazkoa egiteko bidea erraztu lezakeela, eta kriminaliza litzakeela jarrera batzuk, bestela terrorismotzat jo ezin zitezkeenak”.
Altsasuko Gurasoek Amnistia Internacionalen eta Fair Trailesen adierazpenen “garrantzia” nabarmendu dute: “Espainiako justizia gure seme-alabekin erabiltzen ari den neurrigabetasuna garbi uzten dute”.