Altsasu martxan, auzia salatzeko

Guaixe 2018ko ots. 26a, 10:46

Harrera beroa jaso dute martxistek eta apirilaren 14ean Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Altsasuko 48 elkartek eta taldek antolatutako Nafarroan barnako biraren aurreneko etapa larunbatean egin zen. Altsasuko auziaren berri zuzenean eman zuten Altsasuko Gurasoek eta martxa antolatu zuten taldeetako ordezkariek. Aurrenek esan zutenez, haiena “istorio krudela da, beldurrezkoa, luzea da, luzeegia. Baina ez digute zuekin guztiekin partekatu nahi dugun esperantza ez digute kenduko”. Gogorarazi zuten Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Gobernua, Nafarroako Lurralde Auzitegia eta makina bat udalek auzia Nafarroara bueltatzeko eskatu dutela. “Denondako etorkizuna denen artean eraiki behar dugu. Gure gazteak babestu behar ditugu”.

Auzia zabaldu zenetik, besteak beste, inozentzia presuntzioa, epaile naturalerako eskubideak urratu direla eta hiru gazte oraindik preso daudela gaztigatu zuten. Azken berrien aipamena ere egin zuten gurasoek geldialdi guztietan: Arco azokan gertatutakoa: “irudi pixelatuen ordez, atera dezagun argazki argi eta garbia”. Eta giza eskubideen aldeko Fair Trails eta Amnistia Internacional erakundeek auziaren inguruko salaketa egin dutela.

Martxa antolatu zuten taldeetako ordezkariek esku-orriak banatu zituzten ekitaldietan. Gainera, materiala erosi eta gurasoen manifestua sinatzeko aukera izan zen etapan barna egindako geldialdietan. Guztietan apirilaren 14ean Iruñeko kaleak betetzeko deialdia errepikatu zuten batzuk eta besteek. Iruñeko mobilizazioan justizia eskatu, askatasuna aldarrikatu eta Nafarroa defendatzera deitzen dute.

Martxaren aurreneko etaparekin bat egin zuten hainbaten iritzia zen Altsasukoa “edozeini” gerta zitzaiokeela. Halako sentipena azaldu zuten hainbatek, iraganean izandako antzeko liskarren lekukotza ematearekin batera.

Bidean
Altsasu utzita aurreneko geldialdia Zubiriko kiroldegian, 10:00etan. Martxan parte hartzen ari ziren 30 bat pertsonei harrera egin zieten beste horren bestek. Egunak aurrera egin ahala martxarekin bat egin zuten altsasuarrek kopuruak gora egin zuen. Harrera egin eta aurreskua dantzatu zitzaien. Bildutakoei auziaren berri eman eta gero, gurasoek han zeuden hedabideei adierazpenak egin zieten, denbora luzez. Esteribarko Ibarreko Juntak ibarra Altsasurekin dagoela dioen plaka eman zien gurasoei. Enrike Zelaiak jotako piezak dantzatzera ere animatu ziren bildutako batzuk. Despeditu aurretik, bildutako guztiendako gosaria izan zen.

Hurrengo geldialdia Garralda zen. Aezkoako herri guztietako herri sarrerako izenen karteletan, bertako herriaren izenarekin batera Altsasu kartela jarria zegoen. Garraldan 100 bat pertsona elkartu ziren eguerdian. Aurreskua dantzatu zieten gurasoei. Haiek auziaren berri eman zuten. Aetzek esan zieten ibarreko herri guztiak Altsasu direla eta preso dauden hiru gazteak ibarreko herritar direla gaztigatu dute, “giza eskubideen urraketak guztioi eragiten digutelako”.

jakin zuten Erroibarreko Udalak eta Aezkoa Ibarreko Juntak Iruñeko manifestazioarekin bat egiten duten mozioak onartu zituztela.

Etapako hirugarren geldialdia Otsagabian izan zen, 13:00ak aldera. 250 bat pertsona elkartu ziren. Argazki erakusketa jarri zuten plazako zuhaitzetan. Hitzaldien ondoren, bildutakoen talde argazkia atera egin zen. Bildutako guztiek ogi apurrak, birika eta gazta dastatzeko aukera izan zuten.
17:00ak aldera iritsi zen martxa Irunberrira. Gaitari eta txarangarekin harrera egin zieten plazan. Hitzaldien ondoren, emakumezko kantariek. Ibai Osinagak eta txarangak giroa alaitu zuten. 200 bat pertsona bildu ziren eta guztien talde argazkia egin zen.

Nafarroako Biraren aurreneko etapa Zangozan despeditu zuten. Txaranga, akordeoilari eta zanpantzarrak gidatutako kalejira egin zuten herriaren kanpoko aldetik udaletxeraino. Haren azpiko aldean 400 bat pertsona elkartu ziren. Dantzariak, Jesus Ayesa kantaria, Enrike Zelaia eta hitzaldiak izan ziren ekitaldiaren ardatza. Gurasoek haritz bat jaso zuten opari gisa. Ekitaldiaren ondoren hizketaldi animatuak izan ziren pintxo-potearekin batera. Zelaiaren doinura dantzan izan ziren ere. Gurasoek jasotako berotasuna eta elkartasuna eskertu zituzten. Une hunkigarri asko bizi zituzten geldialdi guztietan.


Galdera
- Nora zoazte?
- Garraldara.
- Egun ona izan ezazue.

Elkarrizketa hori izan zuten martxan parte hartzen ari ziren auto gidari guztiek Zubiriko irteeran kontrola jarri zuen Guardia Civilarekin. Hemen gaude esateko modu bat. Altsasutik hasi eta Zangozara arte, ekitaldi guztien lekuko izan ziren agenteak, urrundik eta denbora tarte txiki batez.


Hurrengo etapak
Martxoak 3: Tafalla, Gares eta Lizarra.
Martxoak 10: Lekunberri, Leitza, Elizondo, Lesaka eta Baigorri.
Martxoak 17: Iruñerrian bizikleta martxa. Iruñeko Gaztelu plazan bukatuz.
Martxoak 24: Tutera eta Erribera.