“Altsasukoa terrorismoaren kontrako legedi zehaztu gabearen adibidea da”

Guaixe 2018ko ots. 27a, 14:34

Esteban Beltran batzordekideei azalpenak ematen. Argazkia: Nafarroako Parlamentua.

Amnesty Internationaleko (AI) ordezkariak Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Batzordean egon dira gaur eta Altsasuko auziaren inguruan duten iritzia ematen. Nafarroako Gobernuari eusten dion laukoak egin zuen eskaera.

Erakundeko Espainiako buru Esteban Beltran giza eskubideek estatuan duen egoeraren berri eman du, erakundeak argitaratu duen urteko txostena baliatuz. Hura errepasatzean Altsasuko auziari aipamena egin dio “lege zehaztu gabeen testuinguruan”. Altsasukoa “ustezko delitu akto oso larri bat izan zen. Guardia Civilek eta euren bikoteek lesioak eragin zituen eraso bat jasan zuten. Gertatutakoa epaileek ikertzeko eskubidea dute. Biktimarik egon zenik ezin da ukatu”. Horregatik, AIko buruaren ustez “agintariek haiendako egia, justizia eta erreparazioa bermatu behar dituzte.”

Beltranendako Altsasuko auzia “terrorismoaren kontrako legedi zehaztu gabearen adibidea da. Halakorik ezin da egon”. Ondorioak laburtu ditu: “50 urteko zigorra ezarri ahal zaie eta batzuk 25 urteko espetxealdia izan dezaketenak”. Hiru gazte preso daudela gogorarazi du. Halako legediak akusazio “guztiz neurrigabeak” ekarri dituela nabarmendu du.  

Azkenik, Beltranek epai-prozedura aipatu du eta “bidezko epaiketa” izenen ote den kezka azaldu du, “defentsaren proba asko atzera bota ditu auzitegiak, errugabe edo errudun diren epaitzeko eta zein legedi aplikatzen zaien zehazteko erabakigarriak izan daitezkeen probak”. Amnisty Internationaleko buruak gogorarazi du Europako Giza Eskubideen Epaitegiak epaiketetan “gertakarien kalifikaziorako erabakigarriak diren probak baldin badaude, errugabetasun edo errudun izateko erabakigarriak diren probak badaude, tramitera onartuak izan behar dira”. Horregatik, apirilean izanen den epaiketan defentsaren “proba guztiak bermatzea” espero duela esan du Beltranek, “bidezko epaiketa izan dadin”.

Iritziak
Geroa Baiko Virginia Alemanek Altsasun gertatutakoa “kondenagarria” zela gaztigatu du. Hala ere,  “terrorismo auzietan proportzio eza” salatu du. Auzipetuekin hartutako erabakiak “neurrigabeak, anakronikoak eta auzipetuendako eta familiendako kaltegarriak dira”. Alemanendako hartu diren erabakiak “terrorismo basakeriako urteen ondoren Nafarroan elkarbizitzan eta adiskidetzean egin behar den ahaleginean ez dute laguntzen”.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek “proba gehienak bazterrean utzi dizkietelako defentsak daukan defentsa falta” nabarmendu du. Hiru gazte behin behineko kartzelan 15 hilabete daramatela gogorarazi du. Zigor eskaerak “neurrigabeak” direla esan du. Egoera “kezkagarria” dela gaineratu du. Ahal Dugu taldeko Laura Perezek esan du Altsasuko auzia estatuko justiziaren politizazioaren adibide da.

I-Ek Jose Luis Nuinek azaldu du gauza bat dela “delitu akto bat ikertzea eta ardurak zehaztea. Eta beste gauza bat da terrorismo delituaren definizio hain zehaztu gabea, hain anbiguoa izatea kasu  benetako astakeriak egiteko aukera ematen duena, kasu honetan gertatzen den moduan”. Kezkagarritzat jo du defentsarako eskubidea errespetatua ez egotea.

UPNko Iñaki Iriartek azaldu du “botere legegileko kide izanik, zabaldutako kausa batean ez dugu iritzirik emanen, botere judizialean ez eragiteko”. PSNko Inma Juriok esan duenez, “epaia dagoenean ikusiko dugu bidezko epaiketa izan den. Hala ez bada, zerk egin duen horrela”. Juriok galdetu du: “Espainiako sistema prozesalarekin, probak ez onartzeko erabakiaren kontra helegiteak aurkeztu direnean eta argudiatutako ebazpenen bidez erantzuten ari direnean, defentsarako eskubidea urratzen ari dela uste duzue?”