Auzia Nafarroan zabaltzeko bigarren etapa

Guaixe 2018ko mar. 2a, 09:23

Tafalla eta Lizarra artean ibiliko da 48 elkarte eta talde altsasuarrek antolatutako Nafarroako Bira. Sakandarrak martxan parte hartzera gonbidatu dituzte

Apirilaren 14an, larunbatean 17:30ean Iruñeko Golem zinematik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia zabalduko dute martxako parte-hartzaileek. Gogoraraziko dute zortzi gazteak bi egun geroago epaituko dituztela, 16an. Eta 375 urteko espetxe zigorrei aurre egin beharko dietela. Ordurako Adurrek Jokinek eta Oihanek 518 egun preso emanen dituzte Madrilen, bakoitza espetxe desberdin batean. Haiek bisitatzera joan-etorrietan familiek 237.200 km-tik gora egin dituzte jadanik. Horrek 57.500 eurotik gorako gastua ekarri die.

48  kultur, kirol, gastronomia, gizarte edota hezkuntza elkarteek eta taldek antolatu dute #AltsasuMartxan bira. Joan den larunbatean “zortzi gazteek eta haien familiek pairatzen ari diren injustiziaren” berri Pirinioan eta Zangozaldean zabaldu zuten. Martxara joaten direnek hiru aldarrikapen zehatz zabalduko dituzte: justizia eskaera, gertatutakoa terrorismoa ez dela eta presoen askatasuna. Altsasuarrei eta sakandarrei martxan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.

Martxan parte hartu nahi duenak nork bere garraioa eraman beharko du. Hala ere, antolakuntzan dabiltzan altsasuarrek eskertuko lukete aldez aurretik altsasumartxan@gmail.com e-posta helbidera mezua bidaltzea, zenbat pertsona eta zenbat autotan joanen diren zehaztea. “Aldez aurretik komeni da jakitea zenbat jende eta kotxe mugituko garen”. Azkenik, antolakuntzatik jakinarazi dute martxoaren 10ean eginen den hirugarren etapan Elizondon herri bazkaria izanen dela (15 euro) eta Beran herri afaria. Horietan izena emateko aipatu e-postara mezua bidali.

Egitaraua
08:30 Altsasuko suhiltzaileen pareko aparkalekutik abiatuko da martxa.
09:30-10:00 Tafallan zehar dianak Tafalla eta Altsasuko gaiteroekin.
10:00-11:00 Foruen Plazan argazki erakusketa, fanfarrea, dantzariak, haurrendako aktibitateak, hamarretako… eta kioskoan ekitaldia: udaleko ordezkaritza, Altsasuko Gurasoak eta musika.
11:00 Kalejira plazatik Eroskiko aparkalekura.
11:20 Auto karabanan Tafallan zehar irteeraraino.
11:30-12:30 Garesen herriko eta Altsasuko gaitariak eta argazki erakusketa.
11:45 Artaxoa.
12:05 Mendigorria.
12:15 Garesko plazan Birari ongi etorria. Zanpantzarra eta ekitaldia.
12:30 Lizarran herriko eta Altsasuko gaitariak.
13:00 Lizarrako Foru plazan argazki erakusketa.
13:05 Mañeru.
13:10 Zirauki.
13:20 Lorka.
13:25 Villatuerta.
13:30 Bira Lizarrara iritsi (Avia gasolindegira) eta auto karabana herrian zehar.
13:45 Koronazio plazan dantzariak eta bertatik Kalejira, Lizarra, Oteiza eta Altsasuko inauteriko pertsonaiekin, Foru plazaraino.
14:15 Ekitaldia, udal ordezkariaren ongi etorria, Altsasuko Gurasoak, Trasteando taldea eta Lizarrako musika talde bat.
Despeditzeko, Lizarrako elkarteek prestaturiko elkartasun Pintxo-potea.

Hurrengo etapak
Martxoak 3: Tafalla, Gares eta Lizarra.
Martxoak 10: Lekunberri, Leitza, Elizondo, Lesaka eta Baigorri.
Martxoak 17: Iruñerrian bizikleta martxa. Iruñeko Gaztelu plazan bukatuz.
Martxoak 24: Tutera eta Erribera.