Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Altsasuko Udalak erakunde adierazpena onartu zuen herenegun eta lau konpromiso hartu zituen. Batetik, herritik berdintasun politikak sustatzen segitzea. Horrekin batera, Altsasuko Udalak herriko emakumezkoen errealitate espezifikoak agerian jartzen segitzeko konpromisoa hartu zuen. Horri lotuta, indarrean dauden desberdintasunen aurrean neurriak hartuko ditu.
Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak gainditzeko jardunak indarrean jartzeko konpromisoa hartu zuen Altsasuko Udalak. Azkenik, mugimendu feministaren borrokak eta eskaerak laguntzeko eta babesteko konpromisoa hartu zuen udalak. Horren ondorioz, nazioarteko mugimendu feministak deitutako emakumezkoen grebari Altsasuko Udalak babesa azaldu dio.
Argudioak
Martxoaren 8ak herritarrak, gizarte eragileak eta erakundeak "emakumezkoen eta gizonezkoen benetako berdintasunaren ispiluaren aurrean jartzen gaitu, eta beti ez digu irudi ona bueltatzen". Emakumezkoen eta gizonezkoen "eskubide, tratu eta aukera berdintasunaren aldeko arlo askotako hamarkadetako borrokaren ondoren lortutako aurrerapenen balantzea egiten dugu. Baina baita moteltzen, atzera egiten eta lortzeko erronkak diren horiei ere erreparatzen diegu".
Udalak onartutako erakunde adierazpenak bereziki "lanaren sexu-bereizketaren ondorioei eta eraginari" erreparatu dio. Onartutako adierazpenean gaur egun emakumezkoek ordainduak ez diren etxeko lanei eta zaintzari eskaintzen dion denbora nabarmentzen da eta haren banaketan "desoreka" dagoela gaztigatu du. Eta datua eman: emakumezko nafarrek egunero 4 ordu eta 10 minutu eskaintzen diote lan horiei, gizonezkoek, berriz, 2 ordu eta 36 minutu. Lan merkatuan emakumezkoen sarbidea ia % 10 txikiagoa dela gaztigatu du eta, gainera, emakumezkoek gizonezkoek baino % 28,4 gutxiago kobratzen dutela ere. "Lan merkatuaren segregazio horizontala eta bertikala". Egoera hori "ikusgarria bada ere, herritarren eta erakundeen begietara askotan ikusezina bihurtzen da, horrela desberdintasun hori naturalizatuz eta errepikatuz; emakumezkoen bizi eta lan aukerak murriztuz, baita haien ekonomia eta pertsona autonomia murriztuz".
Aurrekoaren ondorioa da emakumezkoak diru eta denbora pobrezia izatea. Hau da, beraiendako dirua eta denbora ez izatea. Emakumezkoen eta gizonezkoen "desberdintasun-arrakala" salatu du udalak.