Altsasuko auziaren berri Nafarroan barna zabaltzeko #AltsasuMartxan ekimena antolatu dute herriko 48 elkartek eta taldek. Larunbatean bigarren etapa egin zen, Tafalla, Gares eta Lizarra artean. 20 autotan banatuta 70 bat altsasuar abiatu ziren Altsasutik 08:30ean. Aurreneko geldialdia Tafallan egin zuten. Arturo Goldarazena alkateak Foru plazan harrera egin zien martxistei. Gazte auzipetuen familiak aurkeztu zituen eta Tafallako dantzari taldeak aurreskua dantzatu zuen, herriko Baigorri abesbatzak lagunduta. Ondoren, Edurne Goikoetxeak, auzipetuetako baten amak, familiakoen izenean, izandako harrera ona eta agertu duten elkartasuna eskertu eta kasuren inguruko informazioa zabaldu zuen. Segidan, Tafallako eta Altsasuko gaiteroen eta dantzarien musikarekin 500 lagunekiko kalejira egin zen autoak zeuden aparkalekuraino.
Altsasutik joandako eta Tafallan bildutako beste 40 bat autorekin batera, herrian barna auto-karabana egin zuten. 60 autoen ilara Artaxoara iritsi zenean 200 bat pertsonek harrera egin zien. Harresi-pean eskertzeko ekitaldi xumea egin zen. Garesko bidean, Mendigorrian, 50 bat pertsonak martxako auto-ilara agurtu zuen. Garesen 350 bat pertsonak harrera egin zioten martxari. Zanpantzarra, musikari eta gaiteroak lagunduta kale nagusietan barna ibili ziren. Behin plazan Oihan Mendo alkateak eta ekimenaren antolatzaileek hartu zuten hitza. Altsasuko zortzi gazteak eta beraien familiak bizitzen ari diren egoeraren aurrean sentitzen duten harridura azaldu zuten. Senideek, bestalde, informazioa zabaldu, jasotako laguntza eskertu eta apirilaren 14ko Iruñeko manifestazioan parte hartzera deitu zuten.
Gares atzean utzi eta Lizarrarako bidean elkartasun keinuak jaso zituen martxak: Mañerun 35 bizilagun hurbildu ziren errepidera, Ziraukin 50, Lorkan 30 bat eta Villatuertan 20. Lizarran 500 bat pertsonak egin zioten harrera martxari autobus geltoki ondoan. Musikariek eta dantzariek harrera egin ondoren, Foru plazarantz jo zuten denek. Eta haien buru Altsasuko, Lizarrako eta Oteitzako inauterietako pertsonaiak eta gaitariak eta dantzariak.
Han #AltsasuMartxa ekimeneko antolatzaile batek herrietan sortutako taldeek emandako
laguntza eta babesa eskertu zuen. Koldo Leozek, Lizarrako alkateak, Altsasuko auzian gertatzen ari den funtsezko eskubideen urraketaren aurrean bere errefusa eta kezka adierazi zuen. Ondoren, gurasoen izenean Edurne Goikoetxeak, zeharo hunkiturik, jasotako harrera beroa eta elkartasuna eskertu zituen. Eta gaineratu zuen: “ezin dugu hainbeste injustizia eta bidegabekeria jasan. Gure seme-alabetako hiru, duela urte bat baino gehiago erregimen berezian, urrunduta, presoaldi prebentiboan edukitzea ez delako justua, Justizia eskatzen dugu. Errugabetasun-presuntzioa ukatzen dietelako Justizia eskatzen dugu. Defentsarako aurkeztu diren lekuko eta probak errefusatuak izan dira eta horrekin batera epaiketa justuaren bermeak urratuta ikusten ditugulako, Justizia eskatzen dugu. Zortzi gazte hauendako eskatutako neurrigabeko zigor-eskaerak gure seme-alaben etorkizuna mehatxatzen duelako justizia eskatzen dugu. Justizia ezartzen ez denean, gizarte demokratiko bat zuzendu behar dituen printzipioak hautsi egiten direlako”. Ekitaldia Trasteando taldearen eta Lizarrako musikarien emanaldiarekin despeditu zen. Ondoren, Lizarrako 4 elkartek antolatutako bazkari herrikoiak amaiera jarri dio 2. etapa honi.
Balorazioa
Altsasuko 48 erakundek eta taldek eta hainbat herri eta auzoetako laguntza-taldek parte hartzen duten ekimen horren antolatzaileek “oso positibotzat” jo dituzte orain arte egindako bi etapa; “bai informazioa jasotzera hurbiltzen den lagun-kopuruaren aldetik, ospatutako bi etapetan harrera oso jendetsua izan delarik, bai gure gizartean dauden ideologia desberdinetako jendearengandik jasotako elkartasun adierazpen anitzengatik, baita joaten garen herrietan aurkitzen ari garen alarma eta sentsibilitatearen aldetik ere”. Antolatzaileen iritziz “garbi geratzen ari da Nafarroako gizarteak ez duela bere herritarrendako funtsezko eskubideen urraketa onartzen, eta beren ordezkari eta erakunde legegile eta judizialek bezala, larriki kezkaturik ikusten duela Nafarroan gertutakoak gure lurralde eta komunitateko errealitatetik urrun dauden auzitegi berezietan epaituta izatea”.
Hurrengo etapak
Martxoak 10: Lekunberri, Leitza, Elizondo, Lesaka eta Baigorri.
Martxoak 17: Iruñerrian bizikleta martxa. Iruñeko Gaztelu plazan bukatuz.
Martxoak 24: Tutera eta Erribera.
Argazkia:@AltsasukoGurasoak