Altsasuko auziaren berri Nafarroan barna zabaltzen ari da #AltsasuMartxan ekimena, herriko 48 elkartek eta taldek antolatu dutena. Altsasuko gazte talde batek ekimenarekin bat egin du, Baigorriko gazteek luzatutako gonbidapenarekin bat eginez. Hala, larunbatean eginen den 3. etapan, Lekunberri eta Baigorri artekoan, gazteak izanen dira. Euren helburua: “Baigorri eta inguruko jendeari Altsasuko auziaren berri ematea. Gure herrian bizi dugun egoeraren berri eman nahi diegu, haien elkartasuna lortu nahian. Izan ere, gaur egungo egoera sinesgaitz honek herri osoari eragiten baitio. Honen aurrean gure tresnarik handiena elkartasuna da”. Bide batez bi herrietako gazteen arteko harremana sustatu nahi dute.
Larunbatean gazteek antolatutako autobusa Altsasutik abiatu eta #AltsasuMartxan ekimenarekin Elizondon bat eginen du 14:30ean. Hango ekitaldia despeditu eta gero, Baigorrirantz joko dute gazteek, eta han izanen den hitzaldian parte hartuko dute. Elkartasun afariaren ondoren, Zartako-K taldearen kontzertua izanen da. Martxan parte hartzen duten gazteek aterpe batean lo egiteko aukera izanen dute. Autobusez buelta igandean eginen dute. Gazteek antolatutako autobusean joan nahi dutenek Altsasun ohiko tabernetan eman dezakete izena.