Hizketan

Karteletik hasita, Justizia letra larriz eskatuta

Guaixe 2018ko mar. 6a, 11:49

Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri-asanbladak apirilaren 14ko 17:30erako Iruñean deitu duten manifestazioaren kartela aurkeztu dute. Aldi berean, martxoaren 16-18ko asteburuan elkartasun ekitaldiak antolatzeko gonbidapena egin dute.

Altsasuko auziko epaiketa hasi baino bi egun lehenago, apirilaren 14an, manifestazioa izanen da Iruñean. Hara joateko gonbidapena egiten duen kartela atzo aurkeztu zuten deitzaileek, adin guztietako 60 bat altsasuarrez lagunduta. Azaldu zutenez, Iruñeko manifestazioak “injustizia salatzeko eta askatasuna eta eskubide demokratikoen alde aldarrikatzeko inflexio-puntua ezarriko du”. Ziurtatu zutenez, “manifestaziora deitu genuen egunean adierazi bezala, jende asko dagoela bat datorrena ideia honekin: ez direla gure gazteak soilik aulkian eser araziko dituztenak. Jendartearen etorkizuna dagoela jokoan, askatasuna eta eskubideetan eragiten duen nagusikeria gauzatzen denean, ezerk ez baitu bermatuko beste inori ez ote dion eragingo. Horretan esperientzia handia dugu”.



Mobilizazio asteburua
Altsasukoak Aske herri-asanbladak eta Altsasu Gurasoak taldeak mezua zabaltzeko eta  manifestazioaren aldeko ekintzak antolatzeko gonbidapena egin dute; Nafarroari bira ematen ari den #AltsasuMartxan ekimena “ailegatzen ez den tokietara zabaltzeko asmoz”. Azaldu dutenez, “gauzatu ahal izango den toki guztietan eta horretarako prest dauden pertsona guztiendako da deialdia. Gure proposamena irekia da eta tokian tokiko ideietara egokitu daiteke”. Horregatik, emandako ideien artean daude elkarretaratzeak, herri-bazkariak, auto-ilarak, kontzertuak, pankartak… Baina, “beti ere, manifestazioaren deialdian aldarrikatu bezala, aniztasunetik eta herritarrok biltzeko asmoz”.  

Ekimen horiek guztiak hilaren 3. asteburuan, martxoaren 16, 17 eta 18an egitera gonbidatu dute. Mobilizazio asteburuko ekimena Ez da posible! ¡No es posible! It´s not possible! lelopean egin dadila proposatu dute. Eta asteburu horretan ez bada, beste data batzuetan egin daitekeela argitu dute, “den-denak ongi etorriak eta estimatuak izanen dira, ederra izanen bailitzateke gure lurraldea ekintzez jostea eta egutegia betetzea.”

Apirilaren 14ko manifestaziorako deialdia zabaltzen lagundu nahi dutenendako Interneteko hodeian materiala eskuratzeko lotura bat jarri dute. Han manifestaziorako kartela, kartel mutuak, pankartetarako ereduak, autobusak antolatzeko orriak, informazio-txostena, kanta eta beste daude. Antolatutakoaren berri eman eta argazkiak bidaltzeko ezdaposible.altsasu@gmail.com e-posta erabiltzeko eskatu dute.