Espainiako Auzitegi Nazionalean Altsasuko auziko epaiketa apirilaren 16an hasi eta 27an bukatuko da. Hiru epaile izanen ditu auziak: Enrique Lopez, Juan Pablo Gonzalez eta Concepcion Espejel. Auzipetutako zortzi gazteen abokatuek epaimahaia zein hiru epailek osatuko zuten otsailaren 13an jakin zuten. Abokatuek martxoaren 1ean, pasa den ostegunean, aurkeztu zuten Espejel auzitik eta epaiketatik baztertzeko eskaera. Epailea Guardia Civileko koronel batekin ezkonduta dagoela nabarmendu zuten, eta, beraz, "agerikoa" dela "lotura psikologiko edo afektibo sendoak" dituela haren bikotekidea kide den erakundearekin. Bestetik, gogoratu dute Guardia Civilaren Meritu Ordenaren domina eman ziola Espainiako Barne Ministerioak Espejeli.
Horregatik, bi guardia civilen eta haien bikoteen aurkako eraso bat denez epaitu beharrekoa, abokatuek uste dute "lotura" horiek urra dezaketela auzipetuak "epaile inpartzial" bat izateko duten eskubidea. Aldi berean, defentsek gogorarazi zuten Fiskaltzak bere akusazio idatzian esaten duela "Guardia Civilarekiko gorroto sentimendu batek" bultzatuta jardun zutela gazteek, eta horien asmoa zela "guardia civilen, horien senideen eta lagunen bizi kalitatean modu negatiboan eragitea". Zortzi gazte auzipetuek guztira 375 urteko espetxe zigorrari aurre egin diote: 50na urteko espetxealdia eskatu du seirendako, 62 urtekoa beste batendako eta hamabi urtekoa beste batendako.
Baina epaitegiak defentsen eskaera atzera bota zuen ostiralean. Argudiatu du gauza jakina zela joan den urteko garagarriletik lehen sekzioko presidente izendatu zutela, eta sekzio horren erabakietan parte hartzen ari zela. Lehen sekzioak sumarioa hartu zuenean eskatu behar omen zen epailea baztertzea, ez orain. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak ez zuen "lotura" horiei buruzko baloraziorik egin.