Nafarroako birak babesa jasotzen segitzen du

Guaixe 2018ko mar. 12a, 16:19

Larunbateko hirugarren etapan egin ziren mobilizazioetan 3.470 pertsonen babesa jaso zuten: Lekunberrin 200, Leitzan 800, Iturenen 70, Elizondon 1000, Beran 1000 eta Baigorrin 400

#AltsasuMartxan jarri dute herriko 48 elkartek eta taldek. Eta haiek arduratu dira astebururo Altsasuko Auziaren berri foru geografian zabaltzeaz. Nafar guztiei hiru mezu argi uzteko: gertatutakoa ez dela terrorismoa, justizia nahi dutela eta preso dauden gazteen askatasuna. Asmo horrekin abiatu ziren larunbatean, 09:30ean, 130 altsasuar 40 ibilgailutan.

Lekunberriko Foru plazan egin zuten aurreneko geldialdia. Larraungo Altsasukoak Aske Plataformako ordezkariak diren Mikel Tirapuk eta Joseba Artzelutsek harrera egin zieten. Ondoren, Amaia Amilibia eta Ana Larraza amek, familiakoen izenean, izandako harrera ona eta agertu duten elkartasuna eskertu zieten bertaratu diren guztiei, azpimarratuz “gure gainean erori zaigun zama hau jasan ahal izateko behar dugun indarra zarete.” Justiziaren premia azpimarratu zuten, probak eta lekukotzak baztertzen ari diren eta gutxieneko bermeak eskaintzen ez dituen prozesua dela gaztigatu zuten. Harreraren ondoren Altsasuko txistulari eta momotxorroekin 300 lagunek kalejira egin zen Lekunberrin.

Auto segizioa Leitza izan zuen hurrengo helmuga. Momotxorroek, txistulariek eta Haize Berriak Bandak lagundurik, Foru plazara arteko bidea egin zuten. Aurreskua dantzatu ondoren, Mikel Zabaletak, Leitzako alkateak, ongi etorria eman eta gazte auzipetuen gurasoak egiten ari diren lana goraipatu zuen, eredugarritzat joz. Zabaletak gaineratu zuenez, “jokoan dagoena ez da bakarrik zuen etorkizuna, gu guztiona baizik, aurrekari oso arriskutsua ezarri dezaketelako etorkizunerako. Beldurra eta mehatxua zabaldu nahi dituzte gure herrietan aske bizi eta sentitu ez gaitezen” gehitu du. Bukatzeko, Altsasuko familien borroka bere egin eta “Aurrera Altsasu” abestiak dioen bezala, “txarrenari onena aterako diogu”. Altsasuarren borroka denona dela nabarmendu zuen.

Koldo Arnanzek  eta Amaia Amilibiak, auziperatutako bi gazteren aitak eta amak, Leitzako alkatearen hitzak eskertu dituzte eta elkartasuna eskaintzera bertaratu diren leitzar guztiei ere, atzera ere, Justiziaren beharra nabarmendu zuten, “errugabetasun-presuntzioa ukatzen ari den kasu honetan”. Bestetik, nabarmendu zuten Nafarroako instituzioen, eragileen eta gizarte eta kultur arloko kolektiboen laguntza jasotzen ari direla. Talde argazkiarekin eta manifesturako sinadura bilketarekin despeditu da ekitaldia.

Gorago
Elizondorako bidean Donezteben eta Mugairin zain ziren 100 pertsona baino gehiagoren txaloak eta animo hitzak jaso zituzten. Elizondon sagar-dantzarekin egin zioten harrera Altsasuko segizioari. Frontoian 220 pertsonarendako herri-bazkaria izan zen. 17:00etan, mila pertsona elkartu zituen manifestazioa egin zen. Akaberan Joseba Otondo alkateak demokrazioa batean ezinezkoa den salbuespenezko egoera bizitzen ari garela salatu zuen, behin behineko kartzelaldi luzea, bermerik gabeko epaiketa…

Koldo Arnanzek eta Amaia Amilibiak alkatearen hitzak eskertu eta elkartasuna eskaintzera bertaratu ziren herritar guztiei esker ona azaldu zieten. Aurreko geldialdietan bezala, Justiziaren premia nabarmendu zuten biek. “Ezin dugu hainbeste injustizia eta bidegabekeria jasan. Gure seme-alabetako hiru, duela urte bat baino gehiago erregimen berezipean, urrunduta, presoaldi prebentiboan edukitzea, ez delako justua Justizia eskatzen dugu. Errugabetasun-presuntzioa ukatzen dietelako justizia eskatzen dugu. Defentsarako aurkeztu diren lekuko eta probak errefusatuak izan dira eta horrekin batera epaiketa justuaren bermeak urratuta ikusten ditugulako justizia eskatzen dugu. 8 gazte hauendako eskatutako neurrigabeko zigor-eskaerak gure seme-alaben etorkizuna mehatxatzen duelako justizia eskatzen dugu. Justizia ezartzen ez denean, gizarte demokratiko bat zuzendu behar dituen printzipioak hautsi egiten direlako”. Baigorrin ere antzeko adierazpenak izan ziren. Azkenik, apirilaren 14an, Iruñean egingo den manifestaziorako gonbidapena luzatu zieten.


Hurrengo etapak
Martxoak 17: Iruñerrian bizikleta martxa. Iruñeko Gaztelu plazan bukatuz.
Martxoak 24: Tutera eta Erribera.

Iruñerriko etapako 3 adarren ordutegiak
- Berriozartik 10:30ean abiatu; Errotxapean 11:45ean; Antsoainen eta Txantrean 12:30ean.
- Barañaingo Foru plazatik 11:00etan abiatu eta Golem zinemetan 12:30ean.
- Atarrabiako Nafarroako Gorteen plazatik 11:00etan abiatu eta Burlatan 12:15ean.
Hiru adarrak 13:30ean Iruñeko Gaztelu plazan elkartuko dira.