Altsasuko 48 elkartek eta taldek antolatutako Nafarroako biraren laugarren etapa Iruñerrian izanen da bihar. Hiribururantz joanen diren hiru bizikleta martxa antolatu dituzte auziaren berri emateko.
Barañainen 11:00etan dute hitzordua jarrita. Herriko kolektiboek Altsasuko Gurasoei harrera eginen diete eta ekitaldia izanen da. Eguerdian abiatuko dira txirrindulariak Iruñerantz. Gaztelu plazara iritsi aurretik Golem zinematan beste ekitaldi bat izanen da.
Bigarren zutabea Berriozartik abiatuko da 10:30ean. Martxistei harrera egin ondoren ekitaldia izanen da. Handik Errotxapearantz joko dute 11:30ean. 11:45ean eginen dute auzoan ekitaldia eta 12:15ean Txantrearantz abiatuko dira. 12:30ean iritsi eta ordu erdiko ekitaldia izanen da. Atarrabia izanen du abiapuntu 3. zutabeak. 11:00etan harrera eginen diete gurasoei eta ekitaldia izanen da. Burlatan gauza bera, 12:15ean eta hura bukatzean Iruñerantz joko dute. Iruñeko Alde Zaharrean eta Gaztelu plazan eguerditik animazioa izanen da.
Bestalde, pasa den larunbatean #AltsasuMartxan-en hirugarren etapa osatu zuten eta mobilizazioetan 3.470 pertsonen babesa jaso zuten: Lekunberrin 200, Leitzan 800, Iturenen 70, Elizondon 1000, Beran 1000 eta Baigorrin 400. Altsasuarrak eta sakandarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.
16 hilabete
Auzipetuak dauden gazteak atxilotu zituztela 16 hilabete bete ziren herenegun. Hileroko 14. egunean ohi denez, auzia gogorarazteko ekitaldia antolatu zuen Altsasukoak Aske herri-asanbladak, eguraldiagatik Gure Etxea eraikinean egin zena.
Auzipetu adina gaztek hartu zuten hitza. Bakoitza auzipetu baten larruan sartu zen eta bizi zituen sentipenak azaldu zituzten. Irakurketa guztiak esaldi berarekin bukatu zituzten: "baina ni ez naiz bera, baina izan nintekeen".
Herenegungo ekitaldia berezia izan zen, apirilaren 14an, Iruñean eginen den manifestazioaren eta hilabete barru hasiko den epaiketaren aurretik azkena izan zelako.
Hurrengo etapak
Martxoak 17: Iruñerrian bizikleta martxa. Iruñeko Gaztelu plazan bukatuz.
Martxoak 24: Tutera eta Erribera.