Saminak ez du atseden hartzen desagertuen etxean bederen. Non ote dira jakin nahi nuke. Hala kantatu zuen Bide Ertzean taldeak Non dira diskoan. Jose Ubeda Sanchez birraitona zuten gogoan. 82 urte eta gero Altsasuko hilerrian dago.
Pasa den larunbatean ekitaldi xume eta hunkigarria egin zen Altsasuko hilerrian. Ana Ollo kontseilariak familiari Jose Ubedaren gorpuzkiak bueltatu zizkien, udaleko eta Aranzadi zientzia elkarteko kideak lekuko zirela. Azken horiek Otsaportilloko lezean joan den urtean egindako azterketaren ondoren lortu zuten Ubedaren gorpuzkiak opatzea eta gero identifikatzea.
Profila
Gabrielaren eta Joseren semean 1884ko abenduaren 2an jaio zen Madrilen. Catalina Alzaga Ortegarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituen (Jose, Antonio, Jose Luis eta Mª Rosario). Ubeda UGT sindikatuko kidea zen. Renfeko langilea, maletak eramaten zituen. 1930 eta 1936 urteen epaitegiko idazkaria izan zen. Beharra zuten familiendako eta gizarte ekintzarako antzezlanak egiten zituen talde bat zegoen eta Jose eszena-tokiko dekorazioak aldatzen zituena zen. Estatu kolpearen kontrakoa izateagatik Otsaportillon hil zuten, 52 urte zituela, 1936ko agorrilaren 16an. Haren emazte Nieves Brianzo eta Rodolfo eta Nieves (3 eta 2 urte) seme-alabak herritik bota zituzten. Zaragozan denboraldi bat egin ondoren Tolosan kokatu ziren.
Haren birbilobek kantatu zuten: Haien bihotzen taupadak gara / Taupada biziak / Zeru berrian ozen entzuten den / Memoria gara. Hura mantendu dute eta larunbatean gertaera latz hari akabera eman zioten.