Otsaportillok hiru izen berri eman ditu

Guaixe 2017ko aza. 24a, 11:07

DNA proben bidez Urbasako lezean eraildako beste hiru gizon identifikatzeko aukera izan da

Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez, Otsaportilloko lezean opatutakoekin hiru identifikazio lortu dituzte. Joan den urtean hobitik metalezko kutxan zeuden hezurrak atera ziren. Orain lortu da jakitea haietako batzuk Jose Ubeda Sanchezenak zirela. Aranzadi zientzia elkarteko kideak lastaila erdialdean jaitsi ziren bigarrenez eta kaskailu meta baten azpian bi hezurdura opatu zituzten. Probek Victor Urkijo Tobalina eta Migel Bergara Bureau direla jakinarazi dute. Joan den urtean han hildako beste lau gizonezko identifikatu zituzten: Meliton Agirre Lezea, Francisco San Roman Galbete eta Domingo eta Francisco San Roman Otxoa anaiak.  

Nafarroako Gobernuak martxan jarritako DNA bankuari esker egin dira azken aurkikuntzak. Euren senideak identifikatu nahi dituzten 119 familien laginak daude aipatu bankuan. Ekimen horrekin batera, foru administrazioak hobitik ateratzeko programa martxan du. Bi ekimen horien bidez Nafarroako Gobernua behartutako desagertzeen kasuan Nazio Batuen Erakundeak eskatutakoa betetzen ari da.

Identifikatutakoak


Jose Ubeda Sanchez
Gabrielaren eta Joseren semean 1884ko abenduaren 2an jaio zen Madrilen. Catalina Alzaga Ortegarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituen (Jose, Antonio, Jose Luis eta Mª Rosario). Ubeda UGT sindikatuko kidea zen. Renfeko langilea, maletak eramaten zituen. 1930 eta 1936 urteen epaitegiko idazkaria izan zen. Beharra zuten familiendako eta gizarte ekintzarako antzezlanak egiten zituen talde bat zegoen eta Jose eszena-tokiko dekorazioak aldatzen zituena zen. Estatu kolpearen kontrakoa izateagatik Otsaportillon hil zuten, 52 urte zituela, 1936ko agorrilaren 16an.


Victor Urkijo Tobalina
1898ko lastailaren 22an jaio zen Teodosiaren eta Pedroren semea, Altsasun. Beatriz Perez Marañacekin ezkondu eta zazpi seme-alaba izan zituzten (Fernando, Jose Adolfo, Ricardo, Raul, Amando, Alberto, Oscar eta Victor Manuel, aita hil ondoren jaio eta hilabetera hil zen). Porlandegiko langilea, lantegiko epaitegi mistoko kidea zen. Sindikatu metalurgikoko kidea zen. 1934ko iraultzara arte sozialista nabarmena izan zen. Gauerdian lantegitik atera eta 37 urte zituela hil zuten, 1936ko agorrilaren 27an.

Migel Bergara Bureau
Etxarri Aranatzen jaio zen 1906an. Dolores Imazekin ezkondu eta sei seme-alaba izan zituen. Olatzagutian bizi ziren. Bera langilea zen eta UGT sindikatura afiliatuta zegoen. 30 urte zituela hil zuten 1936ko agorrilaren 28an.